→ Me voy a ir, me voy, estoy ido. Donostia-San Sebastián, DAE-Donostiako Arte Ekinbideak : Egiako Kultur Etxea = Casa de Cultura de Egia, 1999ko maiatzak 28 – ekainak 26.
Bigarren FOKUa Idoia Zabaletari eskainia dago, ibilbide luzea duen artista da-eta. Ibilbide horri atzera begiratzean, bere obraz gain, beste alderdi batzuk ere berrikusi ditugu: prestakuntza-aldia, beste egile eta konpainia batzuentzat interprete gisa egin duen lana eta ezagutzen transmisioan duen esperientzia zabala. Bestalde, duela 15 urte baino gehiago sortu zuen eta gobernatzen duen espazioaren ibilbidea ere aztertu dugu, Arabako Lasierran dagoen Azala gunearena. Azalaren jarduerak lotura estua du artista honen pultsioekin, bere sormen-metodoaren muinean daude. Gure asmoa izan da Idoiaren praktikaren dimentsio desberdinen artean dauden erlazioak mapatzea, hor ikasteko oso berezia den zerbait dagoelako intuiziotik abiatuta: horizontaltasun erradikala dago, zeregin horretan artikulatutako adimen fina, guztiok erabiltzeko biltzea merezi duena. Biok dugun konbentzimendu hau ere egon da tartean: Idoiaren lanak duen garrantzia, Euskal Herriko arte plastikoen eszenak azken 15 urteetan izan dituen eraldaketa kualitatibo garrantzitsuenetako batzuk ulertzeko. Eraginen herentzia hori zainketekin ehunduta dago, substratu gisa, eta, agian horregatik, beste batzuk baino ikusezinagoa da, gutxiago hautematen da lan gisa, eta, beraz, gutxiago ulertu da artearen eta bere mitoen zerbitzura dagoen sentiberatasun gisa.
Obra katalogatzeko, kategoriak sortu behar dira, instrumentalak, gehiago edo gutxiago, iritsi berria denak informazio-kopuru handietan nabigatu ahal izan dezan, sakondu beharrik gabe, guk egin dugun moduan; armairua txukundu behar da. Prozesuan, arretaz hurbildu behar da xehetasunetara, egoera erkatzeko, banatzeko eta aukeratutako euskarrian jartzeko, horrela, begi-kolpe bakar batean irudi bat, diagrama bat, inguru bihurri bat begiztatu ahal izateko. Dena atera eta aurrera ekarri behar da, toki asko hartzen duen kaos bat sortu, jarraian, lekua egiteko, bidezidorrak urratu eta, funtsean, magmatikoa dena zeharkatzeko. Isabel de Naveránek eta Andrea Rodrigok duela urtebete bat egiten zuten lehen ariketa horrekin, eta hortik sortu da hemen ikusgai dagoen Idoiaren lanaren antolaketa materiala. Lehen planoa hiru zati handitan antolatuta dago: Fisurak, Mantrak eta Masajeak. Ariketa osatzeko, bibliografia arrazoitu zabala dago, ia 300 sarrera dituena bigarren planoan. Haren aireko sustraiek bidea urratzen dute, planoak zeharkatuz gunearen gainazalerantz. Lehen mailako antolaketa bi geruzatan zen (bibliografia eta obra), Iñaki Garmendiari eskaini genion lehen Fokuan oinarrituta, baina, Idoiaren ibilbideari buruzko ikerketa-lanean bildutako materialak gordetzeko, FOKU.info-ren exoeskeletoaren jatorrizko funtzioak pixka bat okertzea erabaki dugu. Idoiaren soloek, hiru sailetan multzokatuta, FOKUren aurrealdea hartzen dute, eta atzeko aldera eraman ditugu berak egindako beste obra batzuk, baita kolaborazioak, programak, komisariotzak eta gainerako elementu bibliografikoak ere.
Idoiarekin elkarrizketa luzeak egin genituen bere lanaren inguruan, eta horren ondoren hartu genuen erabakia, ikusi baikenuen Idoiak solo horietan lan egiten duela berezitasun-maila handiz, ez beste inon. Egun haietako oharrak aztertuta, hondar hitza aurkitzen dut. Fisurek, mantrek eta masajeek artikulatzen dute hondarra dei genezakeena, soberakina, prozesu kolektiboetan partekatu ezin dena; bat ez datorrena, egokitzen ez dena, erortzen dena edo pentsatua izateari aurre egiten diona. Eratortzen dena, azaleratzen dena eta talde-lanean zapuzten dena. Oharrei berriz heltzean, konturatzen naiz ideia hau garatzeko, Derridarengana itzuli behar dudala, baina Horazio Potelengandik pasatzen naiz. Jito bitxi horrek ustez bilatzen ari naizen hitza baino zerbait gehiago ematen dit. Berari esker iritsi nintzen Derridaren testuetara, orduan ez banekien ere. Horaciok bere testuak transkribatu eta online jarri zituen duela urte batzuk, Interneten hastapenetan, egileari buruzko webgune bat sortuz, Derrida en castellano izen laburrarekin. Pixka bat arakatzean, ohartzen naiz hondarraren ideia hori agian ez datorrela Horaciorengandik, baizik eta filosofia fakultateko bere tutore Mónica B. Gragnolinirengandik. Derrida eta hondarra hitzak izenburuan dituen liburu bat du argitaratuta. Era berean, ohartzen naiz Horacio heldua zela hasi zela filosofian, arkitektura-ikasketak egin ondoren. Une batez erabiltzen dut buruan Horacio, Derridaren testuak bere ordenagailuan tekleatuz espainieraz mintzo den jendeari eskuratzeko, baina ez edonola, baizik eta berak zeharkatuz transkripzioaren bidez. Benjaminek jakin zuen kopiatzaileak mugiarazten dituen maitasuna ezagutzen. Transkribatzea mendetasun-ekintza bat da, eta beste batzuen testuak kopiatzeak izaera erlijiosoa zuen Benjaminentzat; izan ere, kopiatzean, gorputza jartzen duzu, eta horrela irakurtzeak bide ematen dizu bestela ulertezinak diren konplexutasun jakin batzuetara iristeko. Niretzat, Idoia hori guztia da, eskuz egindako kopia, maitasuna, mendetasuna, bestea norberaren gorputzarekin zeharkatuz eskuragarri jartzea; horrela deskribatzen da bere metodoa. Horrela ulertzen dira Azala, UPV/EHUko Dantza Gelak, non artista askok lehen kontaktua izan zuten gorputz-lanarekin, p.i.c.a., Dantza Berriko prestakuntza bideratzeko izan zuen modu berezia eta makinekin artikulatzeko, sortzeko, eta trebetasun, tinkotasun eta talentuz elikatzeko duen gaitasun guztia. FOKU honetan lehen planoan jarri duguna, hala ere, hondarra da. Horaciok, kopista handiak, konplexutasunen maitaleak, asimilaezin gisa deskribatu zuena; Melanie Safkak Leftover Wine izendatu zuena: Idoia Zabaletaren hondar ulertezin, kamuts, etsai eta menderaezina.
FOKU.2 Idoia Zabaleta
2023.05.20 – 2023.07.08
Scanner Masajea
Atoi. Iparragirre 66 L3D, 48012 Bilbao.
Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntzarekin egindako jarduera
Bideoak, irudiak eta audioak: Idoia Zabaleta
Itzulpenak euskeraz: Hitzek (Irene Hurtado)
Ingelesezko itzulpenak: Ainara Elgoibar
Testu kritikoak: Usue Arrieta
Bibliografía: Ainara Elgoibar
Ikerketako laguntzaileak: Isabel de Naverán, Andrea Rodrigo
Foku.info datu-basearen elikatzea: Rurru Mipanochia
Argazkilaritzako laguntza teknikoa: Mikel Eskauriaza
Web-programazioko laguntza: Luca Rullo
Dokumentazio bibliografikoaren lagapena: Azala, Macba, Ivam, Consonni, Isabel de Naverán, Arte-a, La Fundición, Bilbao Arte, Artium, BAD, Guggenheim Bilbao, Bulegoa z/b, Makusi Archivo Tabakalera, Artxibo Arteleku, Feministaldia, Azkuna Zentroa, Festival Internacional de Cine Punto de Vista.
Erabilitako iturrien egileei eskerrak eman nahi dizkiegu, ezagutzen ez ditugunei eta kontaktatu ezin izan duguenei baita ere. Zure lana antzematen baduzu, mesedez, jarri harremanetan info@foku.info helbidearekin.
Ekoizpen zuzendaritza: Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta Otaola
Estrukturen ekoizpena eta muntaia: Adrián Castañeda
Estrukturen diseinuaren aholkularitza: Carlos García
Materialak: Hierros Etxebarria, Plásticos Zabálburu
Torlojugintza: Consumisa | Oxicorte: Hierros La Vega
Ilunketa: Pavonados Asúa
Estudio grabaketak: Ibon Aguirre Audiogelan
Elektronika: Radio Rhin
Oihalen imprimaketa: Waixo
Joskintza: Begoña Carro
Telezinea: Sebastjan Henrickson Niagara Custom Labs-en
16mm-ko looperra eta laguntza teknikoa: Bruno Delgado
Automatizazioa: Adrian Laurel
Audio sistemen aholkularitza: Tunipanea
Animazio grafikoan aholkularitza: Manu Arregi
Esker bereziak: Juan González, Leticia Morales
Kanal bakarreko bideoa, soinuduna, koloretan
20’20’’
SD VIDEO (720X540)
Gazte talde bat Madrilgo matrikuladun auto zuri batetik ateratzen da. Anoraken txanoak janzten dituzte, euria egingo duela dirudi. Plano-aldaketa berehalakoa da, eta jabetza pribatu bateko lorategian kokatzen gaitu zuzenean. Taldeak paper batean idatzitako oharrak errepasatzen ditu, eta, planifikatu gabeko modu batean, euskara gaztelaniarekin nahasten da. Ingelesa bideoaren hasierako kredituetan agertu da:
US vs THEM
Trying to get in: Chalet 1 & 2
- 1999 a video by Iñaki Garmendia
Kamera begien bistakoa egiten da zoom azkarren bidez: gazte taldea ageri da 1. txaletean sartu nahian atetik edo leihoetatik. Kamerari begiratu eta galdetzen dute: baduzu boligrafo bat? Iñakik erantzuten du: Ez! Gainbeheran dagoen eraikina ez da bere osotasunean erakusten. Kamerak, urrutiko ertz batetik, sarbide posibleak markatzen dituen enkoadraketa ixten du. Albo batean altxatutako plataforma batek sarrera-gunea definitzen du; hor ematen dute denbora gehiena. Elementu batzuek egituratzen dute enkoadraketa: leiho-ohol berde ilunak horma zurietan, eta edergailu gutxi. Zatia osotasunaren truke: euskal estilo berriko txalet arrazionalista, 30eko hamarkadaren hasieraz geroztik klase burgesaren arketipotzat jo izan den pastitxea. Lorategia zaindu gabe dago, baina etxea ondo itxita. GU vs HAIEK. GU eszenan, HAIEK eszenatik kanpo. Denbora txaletaren sarrera-gunean igarotzen da 90eko hamarkadaren bukaeran, GU eta HAIEK arteko atarian. Horren aurrean, erretratu bikoitz bat: subjektua eta objektua neurri berean dira errepresentazioaren parte. Eseri, erre, hitz egin, ahaztu egiten dute zergatik dauden hor. Euskara eta gaztelania murmurio bilakatzen dira, eta kokalekuko soinuarekin nahasten dira. Irudia lausotu egiten da kameraren atzeko ahotsak beste behin ere elkarrizketa eteten duenean. Sartzen ahalegintzen jarraitu behar dute. Euria hasten du berriro, eta badoaz.
Taldea autotik ateratzen da berriz ere. Orain beste txalet huts batean sartzen dira. Berehala heltzen dira barrura lehenengo solairuko balkoi eta leihoetatik. Beste behin ere, zatiak baino ez: adreiluzko fatxada angelu makotuekin, leiho zabalak, forma biribil apetatsu batzuk, iroko edo elondo egur iluna, estiloak denboran zehar izandako aurrerapenaren aztarnak. Euskal katalogoaren beste aldaera bat XX. mendearen erdialdeko arkitektura organikoaren kutsuaz zipriztindua. Eraikinean batera eta bestera ibiltzen dira hutsuneetan sartuz. Plano finkoko eszena norberaren erabaki eta interesen arteko konposizio moduan iragaten da. 2. txaleta 60ko hamarkadaren bukaeran edo 70ekoaren hasieran eraikia izan liteke. Orain abandonatuta dago, baina egoera ezin hobean. Beharbada HAIEK leku seguruago batera ihes egin dute. Behin barruan, geletako batean, oharrak errepasatzen dituzte elkarrekin. Iñaki irudian agertzeak ageriko egiten du ekintza horrek egitura planifikatu bati erantzuten diola, baina, hala eta guztiz ere, ez dugu lortzen egitura horren nondik norakoa argi eta garbi mugatzea. Biribilak eginez dabiltza oinez, ezin bestela izan, espazioa skate baten gainean eta kamera geldoan zeharkatuko balute bezala. Aretoa lasterka gurutzatzen dute; zarata gorgarria da. HAIEK ezin dituzte entzun.
Erlazionatutako bibliografia
Me voy a ir, me voy, estoy ido erakusketaren argazkiak. Donostia-San Sebastián, DAE-Donostiako Arte Ekinbideak : Egiako Kultur Etxea = Casa de Cultura de Egia, maiatzak 28 – Ekainak 26, 1999.
Irudiak de DAE y Peio Aguirre-ren eskutik.
→ Dark-Drunker-Rocket. Bartzelona, Centre d’Art Santa Mònica, 2006ko abendua – 2007ko martxoak 4.
MMIV Gure Artea sariketaren kariaz Gasteizko Artium Museoan egin zen erakusketaren (2004/12/18 – 2005/02/06) kritika, non Iñaki Garmendiaren obra jorratzen baita eta haren Izarra (2005) bideoaren fotograma bat jasotzen baita.
Gorka Arrese. “Igeltsuaren forma organikoak”, Berria, 2021/09/10, 10. or.
Kanal bakarreko bideoa, soinuduna, koloretan
11’39’’
DV PAL (720 x 576)
Irudi tekniko bat eratzen hasten da —Vilém Flusserren hitzak erabiliz— lentearen, begiaren eta atzituriko eszenaren bat egitean. Taja y sus amigos filmean erabilitako High 8 bideokamerak ez zeukan irudi-ikusgailurik, eta horrek beharrezko egiten zuen gerora monitore bat konektatzea grabatutako materiala ikuskatzeko. Prozedura etxetiar horri esker, posible zen grabazioa VHS erreproduzitzaile baten laguntzaz editatzea. Halaxe egin zen muntaketa, harraldiak estekatzeko rec eta pause botoiak sakatuz.
Bideo honen muntaketa 2001ean bukatu zen, baina filma osatzen duten irudiak bi urte arinago grabatu ziren. Kamisetaren batengatik gogoratzen dut, haietariko baten rasta txirikorda zabarrengatik —handik gutxira moztu zituen—, beste baten betaurrekoen armazoi finagatik. Gogoan ditut, halaber, trenbidearen ondoko entsegu-lokala, uda-arratsalde bat, nahiz eta elementu horietako ezein ez zen planifikatu; besterik gabe, halaxe gertatu ziren, hantxe zeuden.
Bideoko eszenak gertatu ahala eraikitzen dira, arau zehaztugabe batzuei jarraiki. Gazte talde bat koadroan sartzen eta ateratzen da hala agintzen zaionean. Elkarrekin, konposizio nahasi bat eratzen dute, bodegoi anbiguo bat, plastikoz, edariz, aluminio-paperez, zinta amerikarrez eta plastilinaz osatua. Antolaera horrek pinturaren eta eskulturaren arteko forma lauso bat balitz bezala begiratzera gonbidatzen gaitu, obraren gainean plazer voyeur moduko bat proiektatzera. Taja y sus amigos lanak trenbidearen eta errepidearen ondoko eremu bateko natura hil bat erakusten du. Hasieran, elementuak lehen planoan kokatzeko logika, bodegoiak berezko duen logika hori, ukatuta geratzen da neurri batean, filmaketaren ondoriozko irudia distantzia zuhur batetik atzitua delako, txundidura-efektu bat sortuz horrela. Bideoak aurrera egin ahala, kameraren zoomek eta enkoadraketaren posizio berri batek irudi xeheago bat eskaintzen digute. Objektuak bustitzen dituen argiak ere sendotu egiten du konposizio piktorikoaren ideia. Halere, kameraren distantzia neurritsua da une oro, nahiz eta pixkanaka hurbiltzen doan, eta horrek eragotzi egiten digu aurrean duguna konposizio piktoriko bat dela onartzea. Beharbada honexegatik: konposizioak ez duelako ez pintura ez eskultura izan nahi, ezta merkantzia edo metraje/arma ere. Besterik gabe, irudi anbiguo bat izan nahi du telebistaren gudu-zelaiaren aurrean.
Material landugabearen iraulketarekin egindako bertsio bat Gasteizko Ikus-entzunezkoen Jaialdian proiektatu zen 2000. urtean, eta haren parte gisa zenbait emanaldi igorri ziren telebistan. Geroago, behin betiko edizioa 2002an erakutsi zen, Taipeiko Bienaleko Kolpez/Kolpe instalazioan, bolumen eta garaiera handiko euskarri baten gaineko monitore batean.
Erlazionatutako bibliografia
Zehar : Boletín de Arteleku = Artelekuko Boletina. Donostia-San Sebastián : Gipuzkoako Foru Aldundia, Kultura Departamentua = Diputación Foral de Guipúzcoa, Departamento de Cultura, nº 41 (invierno 1999), pp. 32-33.
Zehar, Donostiako Artelekuk argitaratzen duen aldizkaria. Espacio/Gunea izeneko atalak, zeina Asier Mendizabalek koordinatzen baitu, Aernout Mik eta Iñaki Garmendiaren obren irudiak biltzen ditu. Garmendiari dagokionez, Taja y sus amigos (1999) bideoaren bi argazki ageri dira, elkarrizketa-pasarteak erreproduzitzen dituztenak [32-33. or.]. Deskargatu.
Peio Aguirre. “Basque report 2.0”, in Lápiz, 178. zk., Madril, 2001eko abendua, 50-57. or.
Peio Aguirreren artikulua, Euskal Herriko errealitate artistiko garaikideari buruzkoa. Iñaki Garmendiaren lana aipatzen du, eta haren Taja y sus amigos (1999) bideoa ilustratzen du. Artikulua hemen argitaratu zen lehen aldiz: Arts.zin : crítica online de las nuevas prácticas artísticas, Madril, II. liburukia, 2000ko urria – 2001eko uztaila.
Iñaki Garmendia : only kids love other kids. [Vitoria-Gasteiz]: Eusko Jaurlaritza, Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Gobierno Vasco, Servicio Central de Publicaciones, 2006.
Eusko Jaurlaritzaren MMIV Gure Artea sariketaren kariaz Iñaki Garmendiaren obraren inguruan egindako argitalpen monografikoa. Honako bideo hauen irudiak jasotzen ditu: Izarra (2005); Red Light/Straight Edge (2005); Goierri Konpeti (2001); Harder, Better, Faster, Stronger (2004); Kolpez Kolpe (2003-2004); Repeater / Taja y sus amigos (2001); Kanala (1999-2005); Consequence Of You. Videos Cure / Psychic TV (1999). Horretaz gain, Carles Guerrak artistaren obraren gainean idatziriko ‘Traducciones Radicales’ testua dakar, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez [34-46. or.].
Asier Mendizabalekin elkarlanean osotua.
Kanal bakarreko bideoa, soinuduna, koloretan
53’35’’
DV PAL (720 x 576)
Ez da erraza 1990eko hamarkadaren hasierako urteei buruzko atzera begirako ariketa bat egitea nazioarteko testuinguru artistikoan. Mladen Stilinović artista kroaziarraren An Artist Who Cannot Speak English Is Not An Artist artelana —1992an ekoitzia, Berlingo harresia erori eta bi urtera soilik— lagungarri gertatzen da zailtasun hori ulertzeko. 90eko hamarkadaren hasiera, izan ere, trantsizio-garai bat izan zen, zeinean, WHW komisario-kolektibo kroaziarrak deskribatzen duen bezala, «mentalitate estuko interes lokalek talka egin baitzuten kapitalaren eta globalizazioaren logika gupidagabe eta nonahikoarekin». Stilinovićen esakuneak —oihal arrosa baten gainean josita dago, pankarta gisa—, zalantzan jartzen du ingelesak duen hegemonia arte mendebaldar kapitalistaren munduan, zeinak, narratiba handien gose, ez baitio ahalegin handirik eskaintzen periferiaren narrazio-forma bereziak entzuteari. 2000ko hamarkadaren hasierako urteetan, 90eko hamarkadan hasitako trantsizioak normalizazio-prozesu berri bati eman zion bide Kroaziarena edo Yugoslavia ohiko beste lurralde batzuena bezalako testuinguruetan. Transformazio horrek, WHWk zehazten duen moduan, ongizate-promesa batekin kointziditu zuen, «kapitalismo berantiarraren gizarte mendebaldarren normaltasunerantz egiteko promesarekin, giza eskubideak bete-betean errespetatuko zituzten ongizate-estatuak eratzeko emandako hitzarekin».
Goierri Konpetiko protagonistek —gizon gaztez osaturiko kuadrilla bat— autoen inguruan eraikitzen dute beren periferiako identitate kolektiboa: auto pertsonalizatuak, mendiko rallyak, abiada bizian gidatzen emandako egun amaigabeak. Euskara eta gaztelania ausaz txandakatuz komunikatzen dira elkarren artean, egoerak markaturikoari jarraituz edota, besterik gabe, elkarrizketa bakoitza hasteko erabiltzen den esaldiaren arabera, ohartu gabe esaldi horren hizkuntzak markatzen duela beste hizkuntzaren gaineko nagusitasuna. Filmaren azpitituluek bereizketarik egin gabe itzultzen dute negoziazio linguistiko hori, jauzirik gabeko ingeles bat erabiliz, bi hizkuntzen elkarbizitza kulturalaren azpian datzan botere-jokoa agerian utzi gabe. Bideoak, horrela, bere jatorrizko bokazioa erakusten du: tresna bisual bat izan nahi du arte garaikidearen alorrean, guztiz kodeturiko errealitate periferiko bat sartzen lagunduko duen lanabes bisual bat. Ingelesezko azpitituluen irakurleari gauzak errazteko ariketa horrek sendotu egiten du Stilinovićen tesia, zeinak iradokitzen baitu arte garaikidearen worldwide elkartrukea ingelesez egin behar dela. Halere, narratiba periferiko batzuk beste batzuk baino errazago asimilatu ziren garai hartan. Ingelesezko itzulpen bikain baten bitartekaritza ez zen nahikoa izan.
Lan honen egileek, Iñaki Garmendiak eta Asier Mendizabalek, ageriko arrazoiak zituzten dokumental bat Goierriko gazte-kuadrilla bati buruz egiteko, biak goierritarrak izanik. Esan genezake eskualde hori ere bere normalizazio-prozesuetan murgilduta zegoela filmaketaren unean, ETAk su-etena aldarrikatu baitzuen 1998an, eta hamalau hilabete geroago hautsi, 1999ko abenduan. Hala eta guztiz ere, filmak apenas erakusten dituen asmo horiek, zeinak «ahalik eta distantzia txikienaren metodologia» baten atzean ezkutatzen baitira. Halaxe azaltzen du Miren Jaiok filmari buruz idatzitako En compañía de hombres (1993) erreseinan, Gara egunkariaren Mugalari gehigarrian.
Kamera, Arkaitzen autoari atxikita, bailaraz bailara ibiltzen da, ikusezin bilakatzen da denek tragoak, zigarretak eta afariak partekatzen dituzten bitartean, piezak nola muntatzen eta desmuntatzen dituzten grabatzen du gazteek baserri baten etxabean alokatzen duten lokal batean, etenik gabe filmatzen ditu joan-etorriak, norabide jakinik gabe. Hala eta guztiz ere, Miren Jaiok bere testuan adierazten duen moduan, bukaeran agerian geratzen da 0 distantzia ez dela posible testuinguru honetan. Hori argi geratzen da filmak aurrera egiten duen heinean, bi artistak ikusten ditugunean taldeak uneoro aldean daraman maskota txikia besoetan hartzen, autoetako baten karrozeriaren pinturaren diseinua egiten eta aurreikusi ez zituzten bizipenak partekatzen, paisaia ezaguna zeharkatzen duen bidea markatzen duen marra desafiatu nahian.
Erlazionatutako bibliografia
→ Front Line Compilation : “Goierri konpeti” : Iñaki Garmendia eta Asier Mendizabal. Donostia-San Sebastián, DAE-Donostiako Arte Ekinbideak : Sala Kutxa = Kutxa Aretoa, 2002ko uztailak 5.
Miren Jaio. “Goierri Konpeti. Sobre cuadrillas, coches y carretera”, in Mugalari, Gara egunkariaren gehigarria, 2002/08/03, 6. or.
Iñaki Garmendiaren eta Asier Mendizabalen Goierri Konpeti bideoa (2001) aztertzen duen artikulua, Front Line Compilation (2002/07/05, Kutxa Aretoa, Donostia) topaketaren barruan eskaini zen proiekzioaren harira idatzia. Honako hau dio Jaiok bideoaren inguruan: ‘Goierri Konpetin eta bideoak erretratatzen duen munduan, maskulinotasunaren eta euskalduntasunaren atxikitze guztiz topikoa gailentzen da, hemen tonu intimista baten zerbitzura jarria. Errepideko bihurguneek ere historia bat duten mundu txiki eta itogarri honetan, paisaiaren elementuak, Txindoki atzean dutela, oihartzunez beteta daude.’
→ “Goierri konpeti” : Iñaki Garmendia eta Asier Mendizabal. Bordele, Galerie du Triangle, 2003ko ekainak 5 – 20.
Front Line Compilation. Donostia-San Sebastián: D.A.E Donostiako Arte Ekinbideak, 2003, 27 eta 54. or.
DAEk (Donostiako Arte Ekinbideak) antolaturiko Front Line Compilation topaketaren harira kaleraturiko argitalpena. Topaketa hark Ipar Irlanda eta Euskal Herria elkartu zituen, eta artelana sortzen deneko testuingurua zuen ardatz. Topaketa hartatik abiatuta, hainbat ekitaldi eta erakusketa egin ziren Donostian (2002). Argitalpen honek, topaketan parte hartu zuten artistek egindako ekintzen irudiak ez ezik –horien artean, Iñaki Garmendiaren eta Asier Mendizabalen Goierri Konpeti (2002) bideoa [27-30. or.]–, artista hauen euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko testuak biltzen ditu: Peio Aguirre, Leire Vergara, Annie Fletcher, Karen Downey, Miren Jaio –haren “En compañía de hombres” testuak Goierri Konpeti lanaz dihardu [54-57. or.]–, Stephen Hackett, Aaron Kelly eta Leontia Flynn. Horretaz guztiaz gain, CD bat ere badakar, artisten esku-hartzeen inguruko materiala jasotzen duena; besteak beste, Goierri Konpeti bideoari dagozkion hainbat track entzun daitezke [2, 3, 4, 5, 6, 7, 8 eta 9. trackak].
Després de la noticia. [Erakusketa-katalogoa]. Bartzelona, Centre de Cultura Contemporània de Barcelona, 2003, 38-39. or.
Cine y casi cine. [Erakusketa-katalogoa]. Madril, Departamento de Artes Audiovisuales del Museo Reina Sofía, 2003, 13. or
Didier Arnaudet. “Iñaki Garmendia. Asier Mendizabal”, in Art press, 294. zk., 2003/10, 294. or.
(Jos uvek) bez naslova : Jugoslovenski bijenale mladih u Vrscu, 2004 = Untitled (as yet) : the Yugoslav Biennial of Young Artists, Vrsac 2004. [Erakusketa-katalogoa]. Beograd, Centar za savremenu umetnost, 2004.
VI Yugoslav Biennial of Young Artists bienalaren katalogoa. Erakusketa 2004ko uztailetik irailera egin zen, Serbiako Vrsac hiriko Konkordija kulturunean eta Belgradon, non nazioarteko ehundik gora artistak hartu baitzuten parte. Katalogoak, besteak beste, honako autore hauen serbierazko eta ingelesezko testuak jasotzen ditu: Svebor Midzic, Izjava Kustosa, Liam Gillick, Mika Hannula, Boris Budden, Brian Holmes, Michael Hirsch, Branislav Dimitrijevic, Per Hüttner, Stevan Vukovic, Paul O’Neill eta Hans Ulrich Obrist. Hautatutako lanen artean, Goierri Konpeti (2001) bideoaren hiru fotograma ageri dira, baita Peio Aguirrek eta Leire Vergarak lan hari buruz idatziriko testu bat ere. Hauxe dio testuaren pasarte batek: “Bideo honek gertutik ikusarazten digu gazte hauek nola antolatzen dituzten beren harremanak eta beren testuinguru soziala. Filmatze dokumentalaren formatua erabiliz, artea eguneroko bizitzaren narrazioan txertatzen ahalegintzen dira artistak.’
Iñaki Garmendia : only kids love other kids. [Vitoria-Gasteiz]: Eusko Jaurlaritza, Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Gobierno Vasco, Servicio Central de Publicaciones, 2006.
Eusko Jaurlaritzaren MMIV Gure Artea sariketaren kariaz Iñaki Garmendiaren obraren inguruan egindako argitalpen monografikoa. Honako bideo hauen irudiak jasotzen ditu: Izarra (2005); Red Light/Straight Edge (2005); Goierri Konpeti (2001); Harder, Better, Faster, Stronger (2004); Kolpez Kolpe (2003-2004); Repeater / Taja y sus amigos (2001); Kanala (1999-2005); Consequence Of You. Videos Cure / Psychic TV (1999). Horretaz gain, Carles Guerrak artistaren obraren gainean idatziriko ‘Traducciones Radicales’ testua dakar, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez [34-46. or.].
→ Underdox : dokument und experiment München. Munich, Filmmuseum; Werkstattkino; Theatiner Filmkunst, 2008ko urriak 2 – 8.
Artículo de Aimar Arriola sobre el proyecto de edición de posters de artistas del Centre d`Art Santa Mònica de Barcelona, para la que Iñaki Garmendia presenta Dark-Drunker-Rocket, que según el autor “traslada al formato específico del póster una serie de vídeos cortos –provisionalmente bautizados como ‘Los vídeos de borrachos’– en los que el artista ha trabajado en Varsovia.” Corresponde a la residencia que el artista realiza en 2006 en el Centre for Contemporary Art Ujazdowski Castle, Varsovia.
La condició de la imatge. [Erakusketa-katalogoa]. Lleida, Institut d’Estudis Ilerdencs, Diputació de Lleida, cop. 2010.
Lleidako IEI-Institut d’Estudis Ilerdencs fundazioaren areto gotikoan 2009ko abenduaren 17tik 2010eko otsailaren 14ra egin zen La condició de la imatge erakusketaren katalogoa, non Carles Guerra, Vlad Nancă eta Asier Mendizabal eta Iñaki Garmendiaren obrak ikus baitaitezke. Goierri Konpeti (2001) bideoaren proiekzioaren argazki bat eta fotograma bat jasotzen ditu, baita erakusketaren komisario Carlota Gómezek obra hari buruz idatzitako katalanezko testu bat ere.
“Iñaki Garmendia, en Arco”, in El Diario Vasco, Donostia-San Sebastián, 2011/02/18
Iñaki Garmendiak Madrilgo Arco azokan Moisés Pérez de Albéniz galeriaren eskutik izan zuen parte-hartzea jorratzen duen prentsa-albistea. Garmendiak Sin título (Seis picos) eskultura erakutsi zuen azoka hartan. Artistaren hitzetan, ‘Robert Smithsonen obra baten berreraikuntza da, tamainaz hirukoiztua, modulu bakar batean eraikia, soinua eransten duten bozgorailuez osatua. (…) Nire erreferentzia handietako bat, nire lan artistikoan, hiri inguruko (underground) musikarekin zerikusia duen guztia da’.
Gorka Arrese. “Igeltsuaren forma organikoak”, Berria, 2021/09/10, 10. or.
Jone Alaitz Uriarte. “Pogoak, rallyak eta ur sakonak”, Argia, 2021/10/17
Pablo Marte. “#02: Ratatatat, Iñaki Garmendia”. Basilika – Sector Conflictivo. Podkast, 85min. 31 seg.
Kanal bakarreko bideoa, soinuduna, koloretan
24’ 29’’
DV PAL (720 x 576)
2002ko azaroa. Le petit nurse musika-talde taiwandarreko kideak, bost egunez jarraian, gogor entseatzen, Euskal Herriko Rock Erradikaleko errepertorio punkeko kantuak jotzen ikasteko. Iñaki Garmendiak Gure Artea saria irabazi zuen 2003an lan honekin, zeina «itzulpen erradikalaren ariketa» gisa deskribatu baitzuen Carles Guerrak, sariketaren harira egindako erakusketaren katalogoan. Delako ariketa hori artistak diseinaturiko eta berariaz eraikiriko agertoki baten gainean egin zen, Taipeiko Arte Ederren Museoko areto handi batean, museo hartan antolatu baitzen, besteak beste, Munduko teatro handia, Taiwango hiriburuko Bienalaren 3. edizioa, Bartomeu Marí eta Chia Chi Jason Wang komisarioek zuzendua.
Kolpez/Kolpe bideoan, Garmendiak aurreko lanetan erabilitako filmatze modu bat sendotu zuen, eta muntaketaren alorrean zenbait jardunbide berri estreinatu zituen, handik gutxira bere identitatearen ezaugarri bihurtuko zirenak. Alde batetik, filmaketaren oinarrian hainbat testu zeuden (Zarama, Kortatu eta Eskorbutoren kantuak), musika-talde taiwandarrak oso denbora-tarte laburrean barneratu behar izan zituenak. Bestetik, ariketa horren grabaketa zatiak muntaketa-logika jakin baten arabera elkarlotu ziren, iluntze-iraungipenak eta ebaketa zakarrak erabiliz filmaketan bizitako denboraren puskak elkartzeko. Zartakoz betetako edizioa da, garai hartako artean oso presente zegoen dokumental-formatutik ihes egiten ahalegintzen dena.
Lan honen erregistro-forma zaputzak, halere, hainbat denborazkotasunen arteko topaketa errazten du: iragan hurbila modu espektralean ageri da kantuen soinuaren bidez; ekintzaren orainak, berriz, iragan hori beste leku eta denbora batetik berrinterpretatzen du —orainaldi hori absente bihurtzen da noizbehinka eszena batzuetan soinua kentzearen ondorioz—; azkenik, filmaketa-denbora museoko aretoko oihartzunetan islatzen da erakusketaren muntaketaren egunetan. Bideoak, gainera, testuartekotasun-trama zabalago bat ere proposatzen du: Euskal Herriko Rock Erradikalak tankeraturiko garai baten espirituaren erretratua, Euskal Herriko testuinguruaren errealitate «paranormalaren» hondar moduan, Joseba Zulaikaren hitzak erabiliz. Horren ondoan, irudi global bat, pastiche bat, brillantina urdinez eta 2000ko hamarkadaren hasierako belaunaldi post-MTVak bere-berea zuen britainiar banderaz osatua.
Testua bazterretatik jaiotzen da, bere erritmoan, kopiaren eta jatorrizkoaren arteko elkartruke-logika geldo eta osatugabeei jarraituz. Irudiak ere bere kadentzia du, denbora homogeneo baten asimilazio prekarioak markatua, eta denbora horrek, gero eta abiada handiagoa hartuz, amaierarik ez duela dirudi, nahiz eta, aitzitik, berehala izango den ahaztua. Hori agerikoagoa egiten da orain, Kolpez/Kolpe egin zenetik ia 20 urte igaro diren honetan. Orainaren argitan, zeinean —Mark Fisherrek esan zuen bezala— desagertu egin baita etorkizunaren aurreko shockaren zentzua, lan honek erakusten du 70eko eta 80ko hamarkadetako soinu-errepertorioak ikono bat izaten jarraitzen duela, eta, aldiz, 2000ko hamarkadaren hasierako arte- eta erakusketa-produkzioaren hainbat formaren lotsagabekeria desafiatzailea desagertu egin dela.
Erlazionatutako bibliografia
→ Kolpez Kolpe. Bartzelona, Galería T4, 2003ko azaroak 19 – 2004ko urtarrilak 24.
→ “Goierri konpeti” : Iñaki Garmendia eta Asier Mendizabal. Bordele, Galerie du Triangle, 2003ko ekainak 5 – 20.
→ Després de la noticia : documentals postmèdia. Bartzelona, CCCB-Centre de Cultura Contemporània de Barcelona, 2003ko uztailak 23 – azaroak 2.
→ Cine y casi cine. Madril, MNCARS-Museo Nacional Centro de Arte Reina Sofía, 2003ko azaroak 13 – abenduak 19.
Carles Guerra. “Kolpez Kolpe de Iñaki Garmendia”, in Zehar, Donostia-San Sebastián, 52. zk., 2004, 65. or
Iñaki Garmendiak Bartzelonako T4 galerian eskainiriko Kolpez Kolpe (2003/11/19-2004/01/24) erakusketaren inguruko kritika, Carles Guerrak idatzia eta Artelekuk kaleratzen duen Zehar aldizkarian argitaratua. Kolpez Kolpe, kritikariak dioenez, “Euskal Rock Erradikalari bentrilokuismo-ariketa bat eginarazten dion esperimentua” da, eta ariketa horren emaitza “itzulpen erradikal” bat dela esan liteke. Deskargatu.
TB esku-hartzeak, 1999-2004 = Intervenciones TV, 1999-2004. [Erakusketa-katalogoa]. Vitoria-Gasteiz, Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz = Vitoria-Gasteizko Udala, 2004, 10. or.
Iñaki Garmendia : only kids love other kids. [Vitoria-Gasteiz]: Eusko Jaurlaritza, Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Gobierno Vasco, Servicio Central de Publicaciones, 2006.
Eusko Jaurlaritzaren MMIV Gure Artea sariketaren kariaz Iñaki Garmendiaren obraren inguruan egindako argitalpen monografikoa. Honako bideo hauen irudiak jasotzen ditu: Izarra (2005); Red Light/Straight Edge (2005); Goierri Konpeti (2001); Harder, Better, Faster, Stronger (2004); Kolpez Kolpe (2003-2004); Repeater / Taja y sus amigos (2001); Kanala (1999-2005); Consequence Of You. Videos Cure / Psychic TV (1999). Horretaz gain, Carles Guerrak artistaren obraren gainean idatziriko ‘Traducciones Radicales’ testua dakar, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez [34-46. or.].
→ Iñaki Garmendia : kolpez kolpe. Madril, Matadero-Centro de Creación Contemporánea, 2009ko ekainak 2 – 30.
ARCO ’09. Madril: ARCO/IFEMA, Feria de Madrid, 2009, 224 eta 578. or.
Selected #4 : Una font per els amants del videoart : a source for videoart lovers. [S.l.] : Screen Projects, [2009], 30. or.
→ Iñaki Garmendia : kolpez Kolpe. Lleida, Centre d’Art La Panera, 2010eko martxoak 10 – apirilak 25.
“Kolpez Kolpe. Iñaki Garmendia sobre los denominadores comunes de la juventud”, in nexo5.com. Magacín digital de la cultura contemporánea, [Madril], 2010/03/16.
La sombra del habla : colección MACBA. [Erakusketa-katalogoa]. Seul, Kungnip Hyondae Misulgwan, cop. 2010, 194-195. or.
KATAKRAK: Iñaki Garmendia. [Erakusketa-katalogoa]. [Bartzelona]: Ajuntament de Barcelona, Institut de Cultura, 2011.
Iñaki Garmendiak Bartzelonako Virreina Centre de la Imatge zentroan Katakrak izenburpean eskaini zuen bakarkako erakusketaren (2011/07/14-10/02) katalogoa, non Peio Aguirreren ‘Metraje’ testua ageri baita, gaztelaniaz, katalanez eta ingelesez. Testuan, artistaren obraren azterketa bat egiten du Aguirrek, haren bideo batzuk –besteak beste S.T. (Orbea) (Orduña) (2007), Bolueta (2011), Kolpez Kolpe (2003) eta Harder, Faster, Better, Stronger (2004)– eta serie batzuk –besteak beste Txitxarro (2000)– abiapuntutzat hartuz. Horretaz gain, zuri-beltzezko irudi batzuk eta artistaren biografia txiki bat ere jasotzen ditu katalogoak.
Miren Jaio. Estanpa bilduma : ikusizko artea Euskal Herrian = colección de estampas : las artes visuales en el País Vasco = a collection of prints : visual arts in the Basque Country. Donostia-San Sebastián, Etxepare Euskal Institutua = Instituto Vasco Etxepare = Etxepare Basque Institute, L. G. 2012.
Garmendia, Maneros Zabala, Salaberria: proceso y método = process and method. [Erakusketa-katalogoa]. Bilbo: Guggenheim Bilbao, 2013, 16, 28, 120 eta 126. or.
Mikel Onandia. “Birsortzea, jabetzea eta interpretatzea”, in Berria, Andoain, 2013/12/07.
Arte español contemporáneo, 1992-2013. [Madril], La Fábrica, 2013, 128, 328-329 eta 347. or.
The Europe(n) Book. [Berlin], jovis Verlag Gmbh, 2013, pp. 172-183.
Europe To The Power of (n) proiektuaren katalogoa, zeinetan Europako ideaiari buruz hausnarketa bat burutzen zen. Europako hiri ezberdinetan erakusketak burutu ziren, haien artean, Donostiako San Telmo Museoan. San Telmoko erakusketa kolektiboak Europa Konstelazioa izan zuen izenburutzat eta Iñakik Kolpez/kolpe (2013) erakutsi zuen.
M/Other Tongue. Londres : Tenderpixel & Tenderbooks, 2015, 2 eta 18. or.
Punk : sus rastros en el arte contemporáneo. [Erakusketa-katalogoa]. Madril, Comunidad de Madrid ; Vitoria-Gasteiz, Arabako Foru Aldundia, 2015, 78, 90 eta 92. or.
→ 68aren ostean: artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1968-2018. Bilbo, Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2018ko azaroak 7 – 2019ko apirilak 28.
68aren ostean: artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1968-2018 [Erakusketa-katalogoa]. Bilbo: Bilboko Arte Ederren Museoa = Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018, 103, 115, 116, 231 eta 281. or.
68aren ostean erakusketaren katalogoa. Erakusketa Bilboko Arte Ederren Museoan egin zen [2018/11/07-2019/04/28], eta Euskal Herriko azken bost hamarkadetako praktika artistikoen berrikuste bat eskaini zuen. 150 bat artelan bildu ziren, Miguel Zugaza, Miriam Alzuri eta Begoña Gonzálezen komisariotzapean. Katalogoak Iñaki Garmendiaren S.T. Orbea (2007) bideoaren irudi bat dakar [231. or.]. Peio Aguirreren “Periodizando los años noventa. Sujetos deseantes” kapituluan, berriz, Kolpe Kolpe (2002-2003) artelana aipatzen da, haren irudi batekin batera [103. or.], eta Miren Jaiok, “Desde aquí hasta el fin del mundo. 2008-2018” kapituluan, Garmendiak Bartzelonako Palau de la Virreina jauregian 2008an eskaini zuen katakrak erakusketari buruz dihardu, han erakutsi ziren bi obra hauen irudiak erreproduzituz: Líneas de montaña (I-IV) eta Sin título (verja) [115-116. or.]. 2013an Guggenheim Bilbao Museoan eginiko Garmendia; Maneros Zabala; Salaberria. Prozesua eta metodoa erakusketaren katalogoaren azala ere ageri da [281. or.]. Mikel Onandiak eginiko kronologiak Garmendiaren erakusketa eta proiektu nagusien erreferentziak jasotzen ditu [400, 421, 428, 440, 443, 445, 451, 465, 469, 472, 476, 478, 479, 481, 482, 483, 487, 499, 503 eta 505. or.].
Gorka Arrese. “Igeltsuaren forma organikoak”, Berria, 2021/09/10, 10. or.
Jone Alaitz Uriarte. “Pogoak, rallyak eta ur sakonak”, Argia, 2021/10/17
Bi kanaleko bideoa, soinuduna, koloretan
16’ 30’’
DV PAL (720 x 576)
Bi gau-eszenak Pasaia-Trintxerpeko Ziriza fabrika zaharreko geletako bat argitzen dute. Ziriza Etxea, izan ere, Donostian egin zen Manifesta 5 bienal europarraren egoitzetako bat izan zen, eta hantxe estreinatu zen Harder, Faster, Better, Stronger instalazioa.
Instalazioak bi irudi fusionatzen zituen muntaketa bigun batetik abiatuta. Horrekin zera bilatzen zen, beharbada, irudien arteko elkarlotzea ez zedila hain afirmatiboa izan, eta hurbilago egon zedila Harun Farockik film-saiakera izendatzen zuen horretatik. Eraikin berberean baina solairu bat gorago, Mark Leckeyren Fiorucci Made Me Harcore (1999) bideoa proiektatzen zen. Mugimenduan zeuden keinuen konpilazio bat zen, irudi-collage bat, Tatcherren aroak ekarri zuen gainbehera kolektiboak atomizaturiko koreografia sozial baten berri ematen zuena. Nire oroimeneko muntaketa bigunean, nahasi egiten dira bi lan horietako hondarrak eta irudiak. Bi lan horiek, izan ere, urte haietan jada desegituratze-prozesu batean zegoen arkeologia bisual moduko baten parte dira.
Pieza honen kanal bakarreko bertsioa osatzen duten eszenak Berlinen grabatu ziren 2004ko maiatzaren 1eko gauean, 1990eko hamarkadaren bukaeratik eta 2000ko hamarkadaren hasieratik metropoli handietako kaleak hartzen ari ziren errebolten artean. Protesta-mugimendu haiek globalizazioaren ukoa bistaratzeko modu bat ziren, baina baita boterearen eta jendetzaren deslurraldetze progresiboak eragindako sintoma bat ere.
Agerraldietako batean, gorputzez osaturiko masa bat eserita dago, Terrorgruppe punk-taldearen kontzertua noiz hasiko zain. Kamera agertokian kokatu da: kontzertua hasi aurretik, atzealdean, erdian eta gora samar; behin kontzertua hasita, lehen lerroan eta erdian. Taldea agertokira igo aurretik instalatutako mikrofonoetako batek harraldien zentraltasuna adierazten digu. Aretoa bete egiten da, kamerak geldi jarraitzen du, aretoan bildu diren gorputzak bustitzen dituzten argiak atzituz. Beste agerraldian, kanpoko eremu bat ikus dezakegu gauez, plastikozko edalontzien hondakinak eta zaborra, baita polizia eta atxiloketaren bat ere, leku hartatik joaten diren talde txikiak. Metrajeak aurrera egiten duen bitartean, dantzan ikusten dugu jendetza, oro har gizonezkoz osatua, berezko forma bat balitz bezala, pitzadurarik gabeko entitate bat, zeharo sinkronizatuta mugitzen dena, batez ere soinuak irudiarekin bat egiten duenean. Soinurik gabe, distantzia handitu egiten da, eta zirrikiturik gabeko errealitate horren ilusioa desagertu egiten da. Bere gordintasunean ageri den irudiak kontzienteago egiten gaitu agertokia egituratzen duen dispositiboaz. Aldi berean, gauak aurrera egiten duen heinean eta poliziaren presentzia areagotzen den neurrian, kontzertuaren eremuak husten jarraitzen du.
Gaueko filmaketa honen testuinguruan, irudi-bilduma bat sortu zen; izan ere, kontzertua hasi aurretik, hainbat irudi hartu ziren ausazko erretratu moduan. Kamera jendetzaren artean infiltratu zen, begirada zatikatuago bat lortzeko. Grabaketa horretako lehen planoek bertan behera uzten dute jendetzaren ideia; horren ordez, belaunaldi horrek bere identitatea eraikitzeko oinarritzat hartzen dituen estilo-xehetasunetan jartzen du arreta. Irudi horiek Only Kids Love Other Kids liburuaren azalerako eta Orain bihotzak inoiz baino gehiago daude sutan posterrerako erabili ziren, Miren Jaiok eta Fito Rodríguezek Bilboko Rekalde Aretoan komisariatu zuten Beste Bat! (Euskal Herriko rock erradikalaren atzerabegirakoa) (2004) erakusketarako.
Erlazionatutako bibliografia
Miren Jaio. “Harder, Better, Faster, Stronger: Iñaki Garmendia en Manifesta 5”, in Mugalari, Gara egunkariaren gehigarria, 276. zk., 2004/07/03.
Iñaki Garmendia : only kids love other kids. [Vitoria-Gasteiz]: Eusko Jaurlaritza, Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Gobierno Vasco, Servicio Central de Publicaciones, 2006.
Eusko Jaurlaritzaren MMIV Gure Artea sariketaren kariaz Iñaki Garmendiaren obraren inguruan egindako argitalpen monografikoa. Honako bideo hauen irudiak jasotzen ditu: Izarra (2005); Red Light/Straight Edge (2005); Goierri Konpeti (2001); Harder, Better, Faster, Stronger (2004); Kolpez Kolpe (2003-2004); Repeater / Taja y sus amigos (2001); Kanala (1999-2005); Consequence Of You. Videos Cure / Psychic TV (1999). Horretaz gain, Carles Guerrak artistaren obraren gainean idatziriko ‘Traducciones Radicales’ testua dakar, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez [34-46. or.].
KATAKRAK: Iñaki Garmendia. [Erakusketa-katalogoa]. [Bartzelona]: Ajuntament de Barcelona, Institut de Cultura, 2011.
Iñaki Garmendiak Bartzelonako Virreina Centre de la Imatge zentroan Katakrak izenburpean eskaini zuen bakarkako erakusketaren (2011/07/14-10/02) katalogoa, non Peio Aguirreren ‘Metraje’ testua ageri baita, gaztelaniaz, katalanez eta ingelesez. Testuan, artistaren obraren azterketa bat egiten du Aguirrek, haren bideo batzuk –besteak beste S.T. (Orbea) (Orduña) (2007), Bolueta (2011), Kolpez Kolpe (2003) eta Harder, Faster, Better, Stronger (2004)– eta serie batzuk –besteak beste Txitxarro (2000)– abiapuntutzat hartuz. Horretaz gain, zuri-beltzezko irudi batzuk eta artistaren biografia txiki bat ere jasotzen ditu katalogoak.
Jone Alaitz Uriarte. “Pogoak, rallyak eta ur sakonak”, Argia, 2021/10/17
Kanal bakarreko bideoa, soinuduna, koloretan
18’ 53’’
DV PAL (720 x 576)
Talde-bideo bat. Oraingoan, argibideak kamera-operadoreari zuzentzen zaizkio. Fokuaren argi zuriak areagotu egiten ditu itzalak, espazio ilun bortxatuaren gainean ia estatiko dauden gorputzetan. Eraikina, eliteko ikastetxe zahar bat, abandonatuta dago. Opakutasunak eta ekintzarik ezak sentsazio bitxi bat eragiten dute, moteltasun espektral moduko bat. Berriz ere, Nadia ageri da beste jende baten ondoan. Iñakiren aurreko lanetako irudiak ekartzen dizkigu burura, baina ez horiek soilik, baita beste egile batzuen metrajeetatik ateratako irudiak ere. Elementu auto-erreferentzialak eta kanpokoak gurutzatzen dituen gramatika honek agerian jartzen du nola eraldatzen duen kulturak taldeen bizitza. Adam Small eta Peter Stuarten Another State of Mind (1984) dokumentaletik ateratako eszena bat modu sintetikoan berrinterpretatzen da. Errepikapena eta diferentzia. Antzezleetako batek slam dance delakoa baliatzen du, hardcorearen agertokitik eratorritako forma kolektiboetako bat: bere gorputza erabiliz, slam dancetik datozen keinu-kodeak erreproduzitzen ditu, ikasgela bateko zoruan eginiko berridazketa iragankor baten moduan. Irudi horrek subkulturaren eta klase-kulturaren arteko lotura iradokitzen du, berezko esanahi-egitura bat agerian utziz aldi berean.
Erlazionatutako bibliografia
→ Gure Artea : XVIII edizioa = edición XVIII. Vitoria-Gasteiz, Montehermoso Kulturunea, 2004ko abenduak 18 – 2005eko otsailak 6; ARTIUM-Centro-Museo Vasco de Arte Contemporáneo = Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoa, 2005eko urriak 27 – 2006ko urtarrilak 8.
Juan Antonio Álvarez Reyes: “Gure Artea : vasque technique = ¿Técnica vasca?”, in Artecontexto, 9. zk., Madril, 2005eko negua, 118-119. or
Carles Guerra. “La postidentidad vasca”, in Culturas, 2005/12/14, 20. or.
Galder Reguera: “Arte actual en Euskadi : arte joven vasco = Contemporary Art in the Basque Country : Young Basque Art”, in Lápiz : Revista Internacional de Arte, Madril, 212. zk., 2005eko apirila, 46-63. or.
→ Speaking of others : “Red Light/Straight Edge” y “Izarra”. Frankfurt, Frankfurter Künstverein, 2006ko ekainak 7 – abuztuak 13.
Iñaki Garmendia : only kids love other kids. [Vitoria-Gasteiz]: Eusko Jaurlaritza, Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Gobierno Vasco, Servicio Central de Publicaciones, 2006.
Eusko Jaurlaritzaren MMIV Gure Artea sariketaren kariaz Iñaki Garmendiaren obraren inguruan egindako argitalpen monografikoa. Honako bideo hauen irudiak jasotzen ditu: Izarra (2005); Red Light/Straight Edge (2005); Goierri Konpeti (2001); Harder, Better, Faster, Stronger (2004); Kolpez Kolpe (2003-2004); Repeater / Taja y sus amigos (2001); Kanala (1999-2005); Consequence Of You. Videos Cure / Psychic TV (1999). Horretaz gain, Carles Guerrak artistaren obraren gainean idatziriko ‘Traducciones Radicales’ testua dakar, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez [34-46. or.].
Javier Viar. Historia del arte vasco: de la Guerra Civil a nuestros días, 1936-2016. Bilbo: Bilboko Arte Ederren Museoa = Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2017, II. liburukia, 589, 923, 1093, 1113, 1135, 1151-1158, 1183 eta 1188. or.
Javier Viarrek euskal artearen historiaz idatzitako lana, bi liburukitan banatua, gerraostetik gaur egunerainoko 300dik gora artistaren lana biltzen duena. Tartean, Iñaki Garmendiaren ibilbidea deskribatzen du, modu kronologikoan, artistaren prestakuntzatik hasiz eta 2013ra arteko obra eta erakusketa nagusiak aztertuz. Izarra (2005) [403. irudia; 1155. or.] eta Sin título (verja) (2011) [404. irudia; 1156. or.] artelanak erreproduzitzen ditu.
Pablo Marte. “#02: Ratatatat, Iñaki Garmendia”. Basilika – Sector Conflictivo. Podkast, 85min. 31 seg.
Bi kanaleko bideoa, soinuduna, koloretan
6’ 29’’
DV PAL (720 x 576)
Bi estudio-eszena aurrez aurre jarriak berriz ere kanal bikoitzeko proiekzio batean. Bi antzezle profesional (Nadia eta Josetxo) bi kantu memorizatzen ahalegintzen dira: Siouxsie and The Banshees taldearen Red Light eta Minor Threat taldearen Straight Edge. Argi gorri batean murgilduta dago filmaketako giroa. Kamerak, antzezleengandik gertuegi kokatuta dagoenez, mugaraino bortxatzen du antzezpena, eta aldi berean desmuntatu egiten du grabaketa musikalen gramatika bisual konbentzionala. Kasu honetan, bereizita filmaturiko bi sekuentziaren muntaketa bigun batek ordezkatu du plano-kontraplanoa. Zatiak elkartzeko modu ezustekoa, Bressonen estilora egina. Baita Godarden estiloko estrategia ere, hau da, ez-desberdina desberdinean sartzen uzteko estrategia.
Oraingoan ere, soinua eta irudia ez datoz beti bat, filmegintza-narratiban irudiak testuaren menpe egon behar duelako araua desmuntatuz. Gorputzen gaineko kolore gorriaren literaltasuna biziagotu egiten da, eta, bitartean, argazki-kameraren obturadorearen soinu erritmikoa, Siouxsie and The Bansheesen kantuaren jatorrizko bideoaren flash argiaren zartada elektrikoekin batera, isiltasunak ordezkatzen du, transkripzio bisualean oinarritutako operazio hori biluztuz. Kamera lotsagabeki voyeur bilakatzen da Nadiaren gorputzaren gainean. Josetxok Barthesen gozamenik gabe eskaintzen digu testua. Erresistentzia eta erritua: kulturaren existentzia hierarkikoari aurre egiteko formak.
Erlazionatutako bibliografia
Galder Reguera: “Arte actual en Euskadi : arte joven vasco = Contemporary Art in the Basque Country : Young Basque Art”, in Lápiz : Revista Internacional de Arte, Madril, 212. zk., 2005eko apirila, 46-63. or.
→ Speaking of others : “Red Light/Straight Edge” y “Izarra”. Frankfurt, Frankfurter Künstverein, 2006ko ekainak 7 – abuztuak 13.
Iñaki Garmendia : only kids love other kids. [Vitoria-Gasteiz]: Eusko Jaurlaritza, Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Gobierno Vasco, Servicio Central de Publicaciones, 2006.
Eusko Jaurlaritzaren MMIV Gure Artea sariketaren kariaz Iñaki Garmendiaren obraren inguruan egindako argitalpen monografikoa. Honako bideo hauen irudiak jasotzen ditu: Izarra (2005); Red Light/Straight Edge (2005); Goierri Konpeti (2001); Harder, Better, Faster, Stronger (2004); Kolpez Kolpe (2003-2004); Repeater / Taja y sus amigos (2001); Kanala (1999-2005); Consequence Of You. Videos Cure / Psychic TV (1999). Horretaz gain, Carles Guerrak artistaren obraren gainean idatziriko ‘Traducciones Radicales’ testua dakar, gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez [34-46. or.].
Miren Jaio. Estanpa bilduma : ikusizko artea Euskal Herrian = colección de estampas : las artes visuales en el País Vasco = a collection of prints : visual arts in the Basque Country. Donostia-San Sebastián, Etxepare Euskal Institutua = Instituto Vasco Etxepare = Etxepare Basque Institute, L. G. 2012.
→ Garmendia, Maneros Zabala, Salaberria : prozesua eta metodoa. Bilbo, Guggenheim Bilbao Museoa, 2013ko urriak 31 – 2014ko otsailak 16.
Garmendia, Maneros Zabala, Salaberria: proceso y método = process and method. [Erakusketa-katalogoa]. Bilbo: Guggenheim Bilbao, 2013, 16, 28, 120 eta 126. or.
Kanal bakarreko bideoa, soinuduna, koloretan
40’ 58’’
DV PAL (720 x 576)
40 minutuko laborategi-bideo bat, non objektu manufakturatu bat grabatzen baita: lasterketetako bizikleta berde bat, Orduña izenekoa, Orbea euskal enpresak 70eko eta 80ko hamarkadetan fabrikatu zituenetakoa. Bideoak objektuaren espezifikotasuna arakatzen du grabaketa-ikuspuntu estruktural edo, nolabait esatearren, materialista bati jarraituz. Prozesuak narratiba saihesten du, eta kameraren baliabide teknikoen erabileran zentratzen da, eta horrek operazio formal bilakatzen du filmaketa. Horretarako, artistak lente makro bat baliatzen du. Lente horren bidez, minimora murrizten du aztertutako objektuarekiko distantzia, elkarrizketa bat sortuz haren presentziaren, filmean ikusgai igarotako denboraren eta mugimenduan dagoen irudiaren artean. Irudi horrek aurrera egiten du sekuentzia-kate batean, zeinean bizikletaren zatiek ia enkoadraketa osoa betetzen baitute, nolabaiteko monumentaltasuna emanez. Lehen planoz osatutako kate luze batek arretaz aztertzen du bizikletaren xehetasun bakoitza, osotasuna agerian uzten duten harraldi orokorrago batzuk eskaini arte. Irudia abstrakzioaren eta figurazioaren artean dabil.
S/T Orbea lanean, kontaketa historikoak ez du tokirik; objektuarekin topo egitean sortzen diren alderdi fenomenologikoentzat dago soilik lekua. Soinuak liluramendu-efektu hori sortzen laguntzen du. Kanpoko narratibentzako espaziorik gabe, irudiak deuseztatu egiten du testuaren posibilitatea. Kamerak birsortu egiten du objektu teknologiko honen izaera osatzen duten elementuen arteko elkarlotzeak ikustean sortzen den gozamena.
Erlazionatutako bibliografia
→ Iñaki Garmendia : katakrak. Bartzelona, Virreina Centre de la Imatge, 2011ko uztailak 14 – urriak 2.
KATAKRAK: Iñaki Garmendia. [Erakusketa-katalogoa]. [Bartzelona]: Ajuntament de Barcelona, Institut de Cultura, 2011.
Iñaki Garmendiak Bartzelonako Virreina Centre de la Imatge zentroan Katakrak izenburpean eskaini zuen bakarkako erakusketaren (2011/07/14-10/02) katalogoa, non Peio Aguirreren ‘Metraje’ testua ageri baita, gaztelaniaz, katalanez eta ingelesez. Testuan, artistaren obraren azterketa bat egiten du Aguirrek, haren bideo batzuk –besteak beste S.T. (Orbea) (Orduña) (2007), Bolueta (2011), Kolpez Kolpe (2003) eta Harder, Faster, Better, Stronger (2004)– eta serie batzuk –besteak beste Txitxarro (2000)– abiapuntutzat hartuz. Horretaz gain, zuri-beltzezko irudi batzuk eta artistaren biografia txiki bat ere jasotzen ditu katalogoak.
→ Materiality [Alternativa 2012 : International Visual Arts Festival]. Gdansk, Hall 90B, 2012ko maiatzak 25 – irailak 30
Materialnosc = Materiality. [Erakusketa-katalogoa – CD(.pdf)]. [Gdansk], [s.n.], 2012, 3, 5, 47 eta 125. or.
Materiality erakusketaren katalogo elebiduna, polonieraz eta ingelesez. Erakusketa hura Poloniako Gdansk hiriko Hall 90B aretoan egin zen (2012/05/25-09/30), Alternativa 2012 erakusketa-zikloaren barruan, zeinak, Aneta Szylak, Arne Hendriks, Inés Moreira eta Leire Vergararen komisariotzapean, nazioarteko hogeita hamarren bat artista bildu baitzituen. Katalogoak erakusketaren plano bat eta komisarioen atariko testuak jasotzen ditu, baita Iñaki Garmendiaren S.T. Orbea (2007) bideoaren hainbat irudi eta hari buruzko testu bat ere, non hauxe aipatzen baita: “Artelanak filmatze-modu aski estruktural/material bati jarraituz arakatzen du objektuaren espezifikotasuna, nolabait esatearren, narratiba saihesten den eta kameraren erabilera operazio formal bilakatzen den prozesu batean” [47. or.]. Artistaren ohar biografiko labur bat ere badakar [125. or.].
S.T. Orbea (Orduña). Iñaki Garmendia. [Sareko baliabidea (osatze-bidean)]. Bartzelona: Fundación Macba, 2013.
→ Estampa, arte múltiple : 21ª Feria Internacional de Arte Múltiple Contemporáneo = 21th International Contemporary Multiple Art Fair. Madril, Matadero : Moisés Pérez de Albéniz galeria (Madril) 2013ko urriak 10 – 13.
Garmendia, Maneros Zabala, Salaberria: proceso y método = process and method. [Erakusketa-katalogoa]. Bilbo: Guggenheim Bilbao, 2013, 16, 28, 120 eta 126. or.
Guggenheim Bilbao Museoak Iñaki Garmendia, Erlea Maneros Zabala eta Xabier Salaberria artisten ibilbideari eskainita antolatu zuen erakusketaren katalogoa. Erakusketa, Prozesua eta metodoa izenburukoa, 2013ko urriaren 31tik 2014ko otsailaren 16ra egon zen ikusgai, eta Lucía Aguirrek eta Álvaro Rodríguez Fominayak komisariatu zuten. Katalogoak, komisarioen atariko testuen ondoren, Tanja Baudoinen testu bat dakar, ‘El encuentro con el cuerpo: lenguaje y fisicidad en las películas de Iñaki Garmendia’ izenburua duena eta hainbat ilustrazio jasotzen dituena [16-27. or.]. Ondoren, erakutsitako obren irudiak agertzen dira: Kolpez Kolpe (2003); Red Light/Straight Edge (2006); S/T Orbea (Orduña) (2007); NO R.S. (99 Red Love Balloons) (2008); Txitxarro (2000); Sin título (seis picos) (2011); CCC-MT* (All The Measures Are Taken) (2011); Bozo (1998/2013); Bomber (2013); Faux Départs (2012); Villas Vascas (Villas Basques); eta Ikaraundi-EQDALOS (Cabeza arrodillada contra la pared) (2013), azken hori berariaz sortua museoaren bilduma iraunkorrerako [28-53. or.]. Katalogoaren amaieran, biografia txiki bat [120. or.] eta erakusketan egon ziren artelan guztien zerrenda [126. or.] ikus daitezke.
→ 68aren ostean: artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1968-2018. Bilbo, Museo de Bellas Artes de Bilbao = Bilboko Arte Ederren Museoa, 2018ko azaroak 7 – 2019ko apirilak 28.
68aren ostean: artea eta praktika artistikoak Euskal Herrian, 1968-2018 [Erakusketa-katalogoa]. Bilbo: Bilboko Arte Ederren Museoa = Museo de Bellas Artes de Bilbao, 2018, 103, 115, 116, 231 eta 281. or.
68aren ostean erakusketaren katalogoa. Erakusketa Bilboko Arte Ederren Museoan egin zen [2018/11/07-2019/04/28], eta Euskal Herriko azken bost hamarkadetako praktika artistikoen berrikuste bat eskaini zuen. 150 bat artelan bildu ziren, Miguel Zugaza, Miriam Alzuri eta Begoña Gonzálezen komisariotzapean. Katalogoak Iñaki Garmendiaren S.T. Orbea (2007) bideoaren irudi bat dakar [231. or.]. Peio Aguirreren “Periodizando los años noventa. Sujetos deseantes” kapituluan, berriz, Kolpe Kolpe (2002-2003) artelana aipatzen da, haren irudi batekin batera [103. or.], eta Miren Jaiok, “Desde aquí hasta el fin del mundo. 2008-2018” kapituluan, Garmendiak Bartzelonako Palau de la Virreina jauregian 2008an eskaini zuen katakrak erakusketari buruz dihardu, han erakutsi ziren bi obra hauen irudiak erreproduzituz: Líneas de montaña (I-IV) eta Sin título (verja) [115-116. or.]. 2013an Guggenheim Bilbao Museoan eginiko Garmendia; Maneros Zabala; Salaberria. Prozesua eta metodoa erakusketaren katalogoaren azala ere ageri da [281. or.]. Mikel Onandiak eginiko kronologiak Garmendiaren erakusketa eta proiektu nagusien erreferentziak jasotzen ditu [400, 421, 428, 440, 443, 445, 451, 465, 469, 472, 476, 478, 479, 481, 482, 483, 487, 499, 503 eta 505. or.].
Gorka Arrese. “Igeltsuaren forma organikoak”, Berria, 2021/09/10, 10. or.
Jone Alaitz Uriarte. “Pogoak, rallyak eta ur sakonak”, Argia, 2021/10/17
Lau kanaletako bideoa, soinuduna, koloretan
5'58''
DV PAL (720 x 576)
Hainbat laborategi-bideok osatzen dute 4 kanaleko lan hau. Estudio-egoera batetik abiatuta ekoitzia da, zeinean objektu jakin batzuk baitira protagonista. «Bideo beltz» hauek —halaxe deitzen die artistak— 1997an eskuratutako jostailuzko Tyco kamera batekin grabatu ziren. Testuinguru honetan kamera hori erabiltzea Sadie Benning artista amerikarrari eginiko erreferentzia moduan irakur liteke, zehazkiago Benningek 15 urte zituela aitak Gabonetan oparitu zion Fisher Price PXL-2000 kamerarekin grabatu zituen filmen fakturari eginiko erreferentzia moduan (film horien artean daude, besteak beste, Living Inside, 1989 edo If Every Girl Had a Diary, 1990). Tyco kamerak ez bezala, Fisher Price kamerak zinta erabiltzen zuen, eta horregatik baliatzen du Iñakik serie honetan beta magnetoskopio bat erregistroa kontserbatzeko. Beste behin ere, grabaketak irauten duen bitartean produzitzen da muntaketa, kamera pizteko eta itzaltzeko botoia erabilita.
Sadieren eta Iñakiren bideoen zuri-beltzezko irudien testura lodiak filmegintza esploratzeko borondate bat adierazten du, esperimentazio narratiboaren, performancearen eta sintaxi zinematografikoaren arteko gurutzaketa arakatzeko nahi bat. Tyco kamerak irudia baino ez du grabatzen, ez baitauka mikrofonorik. Filmaketan larako berbera erabiltzen da bideoaren eta audioaren seinalerako, eta horrek, kameraren mugimenduarekin, soinu-interferentzien kate bat produzitzen du. Sortzen den soinua elementuekiko kontaktuagatik sortzen da, akoplamenduak eraginez. Kamerak gitarra elektriko baten gisa jokatzen du, baina gitarra mututu baten gisa. Bestalde, argiaren atzitzeak ere murrizketak ditu, argiaren erregistroak era mugatuan erantzuten baitu irudi ilunen edo argien aurrean, eta, ondorioz, gehiegizkoa den orok akats bisual bat eragiten du, eta lerro beltz bat agerrarazten. Emaitza, azkenik, soinuaren, irudiaren eta elementuen arteko konposizio gorabeheratsu moduko bat da.
Serieko lehenengo bideoa, 99 Red Love Balloons, etenik gabe erakutsi zen monitore batean 1,2,3… Vanguardias: Cine/arte entre el experimento y el archivo erakusketan, zeina Łukasz Ronduda, Florian Zeyfang eta hirurok komisariatu baikenuen Rekalde Aretoan 2007-2008an. NO R.S. (99 Red Love Balloons) lana, ia-ia aldi berean, serie oso moduan aurkeztu zen 2008an Iruñeko Moisés Pérez de Albéniz galerian. 1,2,3… Vanguardias erakusketaren katalogoan, grabaketatik ateratako irudiak txertatzen ditu Iñakik, baita fotokopia zulatu batenak ere, zeinean Robert Morrisen «A Method for Sorting Cows» (1967) testua ageri baita. Irudi eskaneatu horrek bere faktura ere erakusten du, kasu honetan estudio-dokumentu honen erabileraren ondoriozko hondatzeak sorrarazia. Morrisen testuak ekintza ezinezko bat gauzatzeko argibide sail bat jasotzen du, eta hari eginiko erreferentziak lotura-puntu batzuk ditu Iñakiren bideoen tentsio epikoarekin, globoen eztandak eragindako irudi sublime bat atzitzeko ahaleginean. Nahiz eta, izenburuak iradokitzen digun bezala, eztanda hau ez den konparagarria Roman Signer artistaren leherketekin.
Erlazionatutako bibliografia
→ NO R.S. Iruña/Pamplona, Moisés Pérez de Albéniz galeria, 2008ko urtarrila – otsaila.
Iñaki Arzoz. “Iñaki Garmendia, en Iruñea : en el límite”, in Mugalari, Gara egunkariaren gehigarria, Donostia-San Sebastián, 2008/02/16, 10. or.
Rosa Olivares (arg.). 100 artistas españoles = 100 spanish artists. Madril, Exit Publicaciones, 2008, 184 eta 447. or.
→ Estampa, arte múltiple : 21ª Feria Internacional de Arte Múltiple Contemporáneo = 21th International Contemporary Multiple Art Fair. Madril, Matadero : Moisés Pérez de Albéniz galeria (Madril) 2013ko urriak 10 – 13.
ARCOmadrid 2013: Feria Internacional de Arte Contemporáneo = International Contemporary Art Fair. Madril: ARCO/ IFEMA, Feria de Madrid, cop. 2013, 222. or.
Gorka Arrese. “Igeltsuaren forma organikoak”, Berria, 2021/09/10, 10. or.
Kanal bakarreko bideoa, soinuduna, koloretan
25’18’’
HD Bideoa (1920 x 1080)
Kairo 2011. Bideo hau C.I.C (Contemporary Image Collective) kolektiboaren liburutegian grabatu zen gazteen iraultza edo iraultza zuria gertatu baino astebete lehenago. CCC/MT lana script-performance baten gisa dago egituratuta, non Bertolt Brechten bi obraren aitzinsolasetatik ateratako pasarteak erabiltzen baitira: The Caucasian Chalk Circle [Kaukasiar kreazko borobila], 1944 eta 1945 artean idazleak Estatu Batuetan erbesteraturik zegoela idatzitako obra epiko bat, eta The Measures Taken [Neurria], 1929 eta 1930 artean idatzitako lan didaktiko bat.
Beste behin ere, aldez aurretik elkarrekiko ezinbesteko loturarik ez duten bi objekturen arteko harreman dualaren aurrean jartzen gaitu lan honek. Kasu honetan, bi antzezlanen aitzinsolasak ditugu, egile berberak idatziak biak, baina ez garai berean. Idazlan baten hitzaurreak edo obra baten hasieran idatzitako zatiak, normalean, egilearen iritzien testuingurua eta testuaren helburu didaktikoak eskaintzen ditu. Zenbaitetan, erreferentzia mundutarrago batzuk ere agertu izan dira eta horrek, azkenerako, bizitza ezustean agerrarazten du, forma artistikoaren harrerari erasanez. Iñakiren lan honetan, ezinezkoa da bizitzak artean egiten duen agerpena indargabetzea, ezinezkoa den bezala Brecht ziurra eta Brecht dudatsua bereiztea, uste sendoak dituen Brecht gaztea eta bere buruaz zalantza egiten duen Brecht kontsakratua desberdintzea.
Ama-hizkuntza arabiera duten sei gaztek ozen irakurtzen dute aipatutako antzezlanen hitzaurreen ingelesezko bertsioa. Irakurketa hori prozesu didaktiko baten moduan garatzen da, testua barneratzeko prozesu moduan, eta, hortik abiatuta, gaizki-ulertuak eta ortografia-akatsak sortzen dira. Denborak ekoizpenaren baldintza material moduan jokatzen du, inkorporazio-prozesu hori deseginez. Alde batetik, kronologia alderantziz erabiltzen da: CCC, geroago ekoitzi bazen ere, MT baino lehenago aurkeztu zen —MT hamarkadatik gora lehenago argitaratu zen—. Beste alde batetik, ekintza ere atzeraka gertatzen da, testua murriztuz baitoa irakurketa bakoitzean, gero eta gehiago sinplifikatuz harik eta zentzua galtzen den arte, pixkanaka-pixkanaka nekezagoa eginez barneratze-lana. Irakurketa deskonposatu egiten da harraldiek aurrera egin ahala. Desintegrazio horren aurrean, denbora-marra zirkular baten sentsazioa ageriko bihurtzen da. Ekintzak ahitua dirudi biribiltasun horren barruan. Hiria, trafikoa eta sirenak behin eta berriz entzuten dira atzealdean grabaketaren hasieratik. Bideoaren bukaera aldera, kaleko soinu dinamikoak moteldu egiten du akidura sentsazio hori.
Erlazionatutako bibliografia
→ Estampa, arte múltiple : 21ª Feria Internacional de Arte Múltiple Contemporáneo = 21th International Contemporary Multiple Art Fair. Madril, Matadero : Moisés Pérez de Albéniz galeria (Madril) 2013ko urriak 10 – 13.
ARCO’2012 Arte Garaikidearen Nazioarteko Azokaren katalogoa, non Iñaki Garmendia aipatzen baita Moisés Pérez de Albéniz galeriaren standean egon zen artista gisa [256. or.]
Pablo Marte. “#02: Ratatatat, Iñaki Garmendia”. Basilika – Sector Conflictivo. Podkast, 85min. 31 seg.
Bi kanaleko bideoa, soinuduna, koloretan
24’20’’
DV PAL (720 x 576)
Bolueta. Bideo gautar bat, kanal bikoitzean egina. Kanpoko eremu mugatu batean bi kamerak aldi berean hartzen dituzten irudiez osaturiko grabaketa. Bilboko diskoteka handi baten sarreran gertatzen dena erregistratzen duen filmaketa. Denbora-sekuentzia bat, goizeko 4:00etatik 4:55era, ezkerreko proiekzioaren eskuineko beheko aldean ageri den kontagailuak erakusten duen data aintzat hartzen badugu. Metrajeak aurrera egin ahala, ohartzen gara ekintzaren denbora ez dela bideoaren denbora berbera, mozketa ia hautemanezinak izan baititu eta, azkenerako, erdiraino laburtua izan baita. Lana egituratzeko forma honek ikusle-voyeur gisa begiesten dugun irudikatze-esparruaz ohartarazten gaitu, hots, jakinarazten digu grabaketa-dispositiboaren nolakotasun antropologikoa ez dela egia bat adierazteko erabiltzen. Aitzitik, dispositibo hori osatzen duten elementu guztiek hauxe adierazten digute: irudiek harrapaketa-jolas apetatsu baten arauen menpe jarri nahi gaituztela.
Bolueta/. Bi kamerak ekintza-eremutik urrun aurkitzen dira, ahalik eta distantzia handienaren atzean babestu nahi balute bezala, ahalik eta ezkutuen geratu nahi balute bezala. Bietako batek, High 8 motakoak, denbora erakusten du, eta zoom pikordunen kate bat. Kamera horrekin atzitzen diren erretratuen testura analogikoa da. Besteak, kamera digitalak, doitasun handiagoa erakusten du zuria irudikatzeko; zehaztasunak, ordea, artifizialagoa dirudi, eta hori koloreen saturazioaren ondorio izan liteke. Bi erregistro-modu berri ditugu aurrean, denbora-testuinguru desberdinetan ekoitzi zirenak eta orain, konparazioz, arkeologia bisual sortu berri baten hondar moduan agertzen direnak. Irudien artean, bada bestelako jolas bat ere: harraldietan oharkabeko antzezleak bereganatuz hedatzen den ikuspegi homoerotiko batek zuzentzen duen jolasa.
Bolueta/Front 242. Diskotekako musika elektronikoak atzealdetik bustitzen ditu irudiak gauak aurrera egin ahala. Musikak zarata ontziratua dirudi, kameren eta diskotekaren artean dagoen distantziagatik. Soinu-urruntzearen eraginez, musikak aipu modan jokatzen du irudien gainean, agerian utziz beste behin ere subkulturaren eraikuntza kolektiboa, erresistentzia anbiguozko egintza posible moduan. Hala eta guztiz ere, orainaldiko irudien faktura digitalaren gainean nekez eraiki dezakegu estilo mitologiko berri bat; arbuio/asimilazio ordena batean murgilduta baitabil haren izaera.
Erlazionatutako bibliografia
KATAKRAK: Iñaki Garmendia. [Erakusketa-katalogoa]. [Bartzelona]: Ajuntament de Barcelona, Institut de Cultura, 2011.