Tronco, ramas, delta Amaia Urrak autoeditatutako artista-argitalpen bat da, Maite Zabaleta diseinatzailearekin elkarlan estuan sortua, Deriva de sinónimos saileko hainbat obraren bertsio grafikoak biltzen dituena. Bertsio grafiko horiek ez dira performanceen transkripzioak, emanaldi horiek prestatzeko oinarritzat erabiltzen dituen oharrak baizik. Sinonimoen deribetan, Amaiak kode bat prestatzen du; horren arabera, sinonimo batzuk nahitaez irakurriko ditu, baina beste batzuk ez. Sinonimo horiek irakurriko dituen ala ez, «horietatik pasatuko den ala ez», performancearen orainak bultzatuko duen erabakia da, eta, erabaki horren arabera, desberdina izango da sinonimo posibleen kateaketa. Tronco, Ramas, Delta lanak, gainera, beste performance bat ere biltzen du, Ramificarse izenekoa eta forma aldetik erabat grafikoa, argitalpenaren erdi-erdiko orrialdeetan ageri dena, paper erdigardenean inprimatuta. Formari dagokionez, koadro bat da, eta haren zutabeak birekin biderkatzen dira elkarren segidako lerro-mailetan. Egitura horrek Word ofimatika-programaren transkribaketa imitatzen du, programak sareko hiztegiko kontsultan lortutako informazioa transkribatzeko erabiltzen duen modua, eta, ondorioz, haren forma grafikoak performancearen lanketa-prozesua adierazten du.

Guretzat, Foku beti izan da ikaskuntza-bidaia zirraragarri bat. Testuinguru-artista baten obran hainbeste sakontzeak asko irakasten du haren prozesu eta motibazioen inguruan: testuinguru-erreferentzien mundu bat zabaltzen du, eta beste latitude eta testuinguru batzuetako praktikak ikusarazten ditu, artistak bere bizitzan zehar ezagutu dituenak eta praktika artistikoa nola ulertzen duen ikusten laguntzen dutenak. Gure artean Fokuri buruz hitz egiten dugunean, askotan aipatzen dugu paradoxa hau: norbanako batengan zenbat eta arreta handiagoa jarri, luparen handipena zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago azaleratzen da obraren atzeko subjektibitatea moldatu zuen komunitatea. Batzuetan, esku artean duzun lanarentzako osagai erabilgarriak aurkitzen dituzu dokumentu horietan, eta, kasu honetan bezala, lagungarri gerta dakizkizukeen irtenbide metodologikoak mailegatzen dituzu.

The Coming Boogie-Woogie liburua, Mychoreography ekimenak argitaratua, deskubrimendu polita izan da. Mychoreography koreografiaren inguruko master eta ikerketa-iniziatiba bat izan zen, Stockholmeko Arteen Unibertsitateak garatua. Ekimenaren helburua dantzaren muga tradizionalak auzitan jartzea zen; bultzatzaileek ez zuten koreografia gorputz-mugimenduen diseinu gisa soilik ulertzen, baizik eta espazioa, denbora, pentsamendua eta gizarte-egiturak antolatzeko tresna kritiko gisa. Programa, besteak beste, Mårten Spångberg artistak zuzentzen zuen, zeinarekin Amaia elkarlanean jarduna baitzen Mugatxoan programaren testuinguruan eta Xavier Le Roy artistaren Project egitasmoan. Liburua, bere horretan koreografiari buruzko saiakera bat, programa esperimental horrekin lotutako ikasle eta ikertzaileen testuen bilduma bat da, eta glosario baten egitura du, non terminoak hurrenkera alfabetikoan antolatuta baitaude, eta «Ikusi» atal baten bidez elkarri lotuta. Soluzio hori bera mailegatu dugu guk ere Amaia Urraren lan sailak elkarrekin erlazionatzeko.

The Coming Boogie-Woogie liburuak badu ezaugarri berezi bat: bibliomantzia praktikatzeko balio du. Ausaz irekitzen badugu, oso litekeena da hor irakurtzen dugunak Amaia Urraren praktika artistikoarekiko halako oihartzun bat izatea. Egin dezagun proba… 97. orrialdea: «HESITANCE is a neologism that joins hesitation and resistance. Confronting the pause, the uncertainty, even the reluctance that hesitation bears with the refusal, preventative and oppositional force of resistance produces a more strategic stubbornness. This can be found of unmistakable value when working in groups or in politics. It prolongs the space traditionally allowed for uncertainty. This is not simply as a means of “buying time” (See: Opportunism) but rather claiming that to be certain (about something) is a highly contingent and historically produced phenomenon. The pause before action is not inert nor lost but full of resistance and precision. It is not waiting to pounce; that again, privileges a particular dramaturgy of strategic action. It is not waiting. It permeates. It steeps. It feels. It diffuses. It says, “Fuck off, we have imagination” which is, politically speaking, desperately shy. It does not resist in order to think further, to plan better, to devise solutions but instead to carve space for full porous inaction. See: Goal».

Ikusi: Lehenengo lanak, Desaparezco (2012-), Renuncio (2012-), Inauguro (2014-), Je marche / Camino (2014-), Tarareo (2014), Comienzo (2025-)

2015
URRA BONNAUD, Amaia (2015). Tronco, ramas, delta. San Sebastián: autoedición.

Tronco, ramas, delta Amaia Urrak, 2012 eta 2015 urteen artean, Derivas de sinónimos seriearen barruan aurkeztutako performanceen bertsio grafikoa da. Desaparezco, Renuncio, Inauguro, Camino eta Tarareo performanceak biltzen ditu. Horiei Ramificarse gehitzen zaie, okasiorako sortua. Maite Zabaleta-k diseinatutako argitalpena da, eta Amaiak performance bakoitza sortzerakoan jarraitu zituen idazketa-prozesuak islatzea du helburu.

Argazkiak: Maite Zabaleta.

+ info