Amaia eleaniztuna da. Frantsesa eta gaztelania ditu ama-hizkuntza. Askotan komentatu izan du egoera horrek etengabeko itzulpen-ariketa mental bat eginarazten diola, hitz zehatza aurkitzeko bilaketa etengabe bat, eta horrek espazio emankor bat eskaintzen diola praktika artistikorako. Hain zuzen ere espazio horretan kokatzen da Ahora (Robert Collins et Urra), Oier Iruretagoiena artistarekin elkarlanean garatutako proiektua.
Proiektu honek orain arte izan dituen aurkezpen bakarrak 2016an egin ziren, bi formatu eta testuinguru desberdinetan. Lehenengoa, irrati-kapsula gisakoa, podcast moduan argitaratu zen Radio Reina Sofia irratiko Ecolalias II zikloaren barruan, hitz esana zabaltzen duten artisten sorkuntza-prozesuei eskainitako atalaren zati gisa. Amaiak eta Oierrek bi ahotsetan egiten duten ariketa baten grabazioa da. Erabiltzen diren hizkuntzak gaztelania eta euskara dira.
Oierren ama-hizkuntza euskara da, zeina Amaiak ere hitz egiten baitu, ama-hizkuntza ez duen arren. Ariketa honetan, bi artistek elkarri hitz egiten diote, bi hizkuntzen artean sasiadiskideak izan daitezkeen hitz-konbinaketak erabiliz. Sasiadiskide bat hizkuntza arrotz bateko hitz bat da, idazteko edo ahoskatzeko moduan hizlariaren ama-hizkuntzako hitz baten antza duena baina bestelako esanahia duena. Ariketa honen emaitza elkarrizketa bitxi bat da, non azkenerako zaila gertatzen baita bereiztea nor ari den nor itzultzen. Aurkezpen honetarako erabili zituzten hitzak formatu grafikoko glosario batean ere bildu zituzten, non sasiadiskideak eta haien itzulpenak zerrendatzen baitira.
Proiektuaren bigarren aurkezpena grafikoa izan zen. Zarata Fest jaialdiaren hamargarren urteurrenaren kariaz, Lalavandera argitaletxeak Zarata Fest Book izeneko liburu bat argitaratu zuen, Elena Aitzkoak diseinatua, hainbat autoreren ekarpenekin. Horien artean, Amaia Urrak eta Oier Iruretagoienak Robert Collins et Urra proiektuaren barruan egindako hainbat ariketaren bertsio grafikoak argitaratu zituzten.
Ikusi: Lehenengo lanak