Pantalón vaquero eta Muleta gris lanak Mugatxoan ekimeneko Cuando el cuerpo desaparece proiektuaren Emisión 1 saioaren parte izan ziren —gogoraraz dezagun saio haren aurretik Emisión 0 saioa izan zela, eta Amaiak Calle Aldamar (2012) eta Desaparezco (2012) aurkeztu zituela ordukoan—. Berriz ere, Amaiak «kanpoko berriemaile» gisa jardun zuen programan, zeina aldi berean gertatzen baitzen irrati libre batean eta Donostiako San Telmo Museoko Laborategia espazioan. Cantar las calles sailaren baitako bi performance labur hauetan, Amaiak hirugarren teknika bat jartzen du praktikan: ikusten duena izendatzen du, oraingoan ere ahopean kantatuz, behin eta berriz errepikatzen den doinu-lerro bat erabiliz. Cantar las calles sailean, doinuak ritornello baten gisa funtzionatzen du: beren euskarrietatik bereizita dauden testuak estekatzen ditu eta haur-jolasen espazio segurura hurbiltzen gaitu, objektuak seinalatuz eta izendatuz urrutitik ukitzen dituen haurraren begiradaren babesera. Urruntzea, hizkuntzak ikusmenarekiko sortzen duen abstrakzioa, bi ekintzen oinarrian dago, biek aurkitzen baitute ahotsean eta kantu-marmarrean aukera komun baten espazio bat eta bitarteko bat. Bitxiki, metodo honen emaitza gisa, hainbat hitz errepikatuta agertzen dira —«galtza bakeroak» edo «mugikorra eskuan»—, eta ikuspegi estatistikoago bat ematen dute, maiztasunarekin lotuagoa aniztasunarekin baino.

 

Ikusi: Lehenengo lanak, Calle Aldamar (2012), Berio Pasalekua (2014), Una vuelta-ta (2013-)

2012
→ Pantalón vaquero y Muleta gris. Emisión 1. Una voz sin cuerpo, hacia el amor. Mugatxoan, Museo San Telmo, San Sebastián.

Mugatxoanek aurkeztutako 1 Emanaldia. Gorputzik gabeko ahotsa, maitasunerantz irratsaiorako egindako esku-hartzeak. Pantalón vaquero eta Muleta gris proposamenak abestutako inprobisazio batean oinarritu ziren. Bertan Amaia Urrak une horretan zegoen espazioan behatzen zuena izendatzen zuen. 2′ 20″ eta 1′ 13″. Urriak 6.

1 Emanaldia 0 Emanaldiaren jarraipena izan zen. Blanca Calvok eta Ion Munduatek aurkeztu zuten, eta aldi berean garatu zen San Telmo Museoko Laborategian eta irrati libre batean. Irratsaioa Special Issueren — Wayback Machine bidez artxibatutako webgunea — parte izan zen, Les Laboratoires d’Aubervilliersek bultzatutako proiektu bat, non galdera honen inguruko hausnarketa proposatu zen: «Nola ahalbidetzen du gaur egun performanceak diskurtso bat argitaratzea?».

+ info