2025ean, Gema Intxausti artistak Ura ibaia da Ibaia ura da izeneko erakusketa aurkeztu zuen Iturribide Etxean, Caniche argitaletxeak kudeatutako espazioan. Erakusketak espazio horretan bertan izandako sorkuntza- eta egonaldi-prozesu baten emaitza erakusten zuen. Iturribide Etxea Elantxoben dago, Bizkaian, Busturialdeko Urdaibai biosfera-erreserban. Gema Intxausti Gernikakoa da, Urdaibaiko herri batekoa, beraz. Erakusketak haren obra grafiko-eskultorikoa aurkezten zuen, bai eta sorkuntza-prozesuan erabilitako jatorrizko dokumentazioa ere.
Biosfera-erreserba bat lurreko edo itsasoko hainbat ekosistemaren erakusgarri den eremu geografiko bat da, UNESCOren MAB programak nazioarte-mailan aitortua, demostratzeko posible dela naturaren kontserbazioa garapen sozioekonomiko iraunkorrarekin uztartzea. Izena, kasu honetan, euskarazko ur eta ibai hitzekin osatuta dago.
Erakusketaren areto-orria eratzeko egin zioten gonbidapenari erantzunez, Amaiak testu-formatuko obra bat sortu zuen, eta hartan oinarrituta dago Okatik itsasora performancea, Iturribide Etxean bertan egin zen Kortak programaren jardueren artean aurkeztua. Oka ibaia Urdaibai erreserba zeharkatzen duen ardatza da. Hark egituratzen du biosferaren paisaia, geografikoki ibaiaren eta haren ibaiadar txikien arro hidrografikoak mugatua. Performancean, Amaiak hitz-konbinaketaz osatutako bi multzo irakurtzen ditu, hitzak bikoteka antolatuta. Lehenengo zerrendak Urdaibaiko auzoen izenen arteko permutazioak biltzen ditu —konbinaketa posible guztiak—, auzo batetik besterako ibilbideak balira bezala ahoskatuak, euskarazko «…-tik …-ra» formula erabilita. Permutazio bakoitzean, lerro bat marrazten du bi auzoen artean, Urdaibaiko mapa baten gainean kokatutako tipula-paper baten gainean, non aldez aurretik kokaleku bakoitzari dagokion puntua markatu baitu. Bigarren zerrendan, urari eta haren ezaugarri eta mugimenduei dagozkien hitz eta esamoldeak uztartzen dira, bai eta Intxaustik bere ikerketan erabilitako materialetatik eta herri-kantetatik ateratako beste batzuk ere. Oka ibai gisa jaiotzen da, eta itsasadar gisa hiltzen. Eraldaketa fisiko horrek, itsasoaren eraginagatik, bi zati oso argitan banatzen du haren ibilbidea. Performanceak aurrera egin ahala, Okatik itsasora obrako konbinaketa-ariketa ere urrundu egiten da zentzuaren ideiatik, nahasketa horretan izaera poetikoko uztarketak agerrarazteko.
Ikusi: Lehenengo lanak