Growing Images & Talking Weeds seriearen bertsioa. Mexikoko belar txarrak, haien ezaugarri morfologikoak eta kokapenak hartu zituen abiapuntu. Irailak 17.
Lan hau Arbusto Ardiente performancearen bertsio bat da, hura bezala Growing Images & Talking Weeds sailaren baitakoa. Obra hura Mexikoko belar txarren sailkapen batera egokituz sortu zuen Amaiak, Mexiko Hiriko Héctor Escandón galeriak egindako gonbidapen bati erantzunez. Belar txarrak —sastraka edo sasitza ere deituak— ez dira kategoria botaniko bat, botanikak ez baititu belar «onak» eta «txarrak» bereizten —nahiz eta malherbologia delakoa existitzen den, «belar txar» deiturikoen azterketaz eta kontrolaz arduratzen den zientzia eta teknologia—. «Belar txarrak» kontzeptu antropozentriko bat da, gizakiek desiratzen ez dituzten toki eta uneetan hazten diren eta haien interesak oztopatzen dituzten landareak izendatzeko sortua. Amaiak kasualitatez eta nahi gabe topatu zuen moldaketa honetarako belar txarrak erabiltzearen ideia. Mexikon zegoela, kasualitatez aurkitu zuen landare baten izena galdetu zion norbaiti, eta hark belar txar bat baino ez zela erantzun zion.
Ikusi: Lehenengo lanak, Una vuelta-ta (2013-), Chêne Charme Platane (2015), Arbusto Ardiente (2015-), Maleza ardiente (2018), Arbusto ardiente (2019) – versión instalación, Sasia Sugarretan (2021-), Burning Bush (2021-), Buisson ardent (2024-)