Zentzu bikoitza Amaiak bere praktikan hasiera-hasieratik erabili izan duen hitz-joko mota da. «Zentzu bikoitz» esamoldea bera ere zentzu bikoitz batean interpreta daiteke gaztelaniaz, izenari gorazarre eginez. Izan liteke hitz batek bi sinonimo izatea, nahiz eta bi sinonimo horiek beren artean sinonimoak ez izan, edo ekintza bat bi noranzkotan gertatzea, ezkerretik eskuinera eta eskuinetik ezkerrera, adibidez.
Amaiak, 2000ko ekainean, Claudia Triozzik emandako tailer batean hartu zuen parte, Dos entrecuerpos. Mugatxoan hiru – Un taller de Ion Munduate – Blanca Calvo tailerraren barruan. Triozziren praktika, garai hartan, instalazioaren eta performancearen artean kokatzen zen, eta etxeko eguneroko objektuekiko harremana arakatzen zuen, askotan absurdotik. Tailerreko bakarkako ariketa moduan, Amaiak bere lehenengo obra ekoitzi zuen: bideoan grabatutako etxeko performance bat, Desayuno don diamantes (2000) izenekoa, jendaurrean inoiz aurkeztu ez dena. Bideoan, familian gosaltzen ikusten dugu Amaia, gurasoekin, haiek ere parte hartzen baitute obran. 2000ko ekaineko lanegun bat da, eta irratian albisteak entzuten dira: ETAk armak hartu ditu berriro, José María Aznar da Espainiako gobernuko presidentea eta tentsio politikoz betetako garaia da. Familiako dinamiken erdian, Amaiak, logura-aurpegiaz, kafez betetzen du bere katilua, kafeak gainezka egin arte. Edan beharrean, ahotik kanpora erortzen uzten du kafea, hitz egiten duen bakoitzean borborka irteten den kafe-errekasto bat sortuz. Bada joko linguistiko bat obra honetan, Amaiak irauli egiten baitu (subvertir, gaztelaniaz) eguneroko gertaera bat. Subvertir aditza sub aurrizkiaz —pean, azpian— eta vertere aditzaz osatuta dago —buelta eman, biratu—. Vertere, aldi berean, gaztelaniazko verter aditzaren erroa da —likido bat isuri; adibidez, kafea katilura—.
Urtebete geroago, 2001ean, El Eclipse de A (2002) bihurtuko zen obran hasi zen lanean Amaia. Artelan hori Artelekun prestatu eta estreinatu zuen, Mugatxoan proiektuaren testuinguruan. El Eclipse de A izenburua hitz-joko bat da: A hizkiak Amaia esan nahi du batetik, eta Antonioni bestetik, performancea haren L’Eclisse (1962) filmaren inguruan ardazten baita. Kritika espezializatuaren arabera, Antonioni ere hitz-jokoaz baliatzen da, zehazki «eklipse» eta «elipsi» hitzen arteko jokoaz. Amaiak birbobinatzea erabiltzen du elipsiarekin batera; horrela, eszenaratze zaindu baten bidez, «birmuntatu» egiten du filma, gaztelaniazko «remontar» hitzaren bi zentzuetan: trama berreditatzeaz gain, alderantzizko bidea ere egiten du, ibai batean bezala, korrontearen kontra. Irudia eta soinua eszenaratzeko, bi bideo-irakurgailu erabiltzen dira, monitore batera eta proiektore batera konektatuak hurrenez hurren, bai eta irrati-kasete bat ere. Gailu horiek guztiak zuzenean kontrolatzen ditu Amaiak, Monica Vittik film horretan daukanaren antzeko poltsa batetik ateratzen dituen eta atzera poltsa horretan sartzen dituen urrutiko aginte batzuen bidez.
No Goal Bruselako Recyclart produkzio-guneko kafetegian erakusteko egindako bideo-proiektu bat da. Goal hitzak, ingelesez, helburua edo xedea esan nahi du, baina baita futboleko gola ere. Amaiak bere disko gogorretako batean aurkitu zuen prestaketa-bideoan, Recyclart gunetik gertuko espazio batean areto-futbolean ari diren gazte batzuk ikusten dira. Jokoak kaotikoa dirudi hasieran, neurri batean Amaia bere kamerarekin grabatzen aritzeak nolabaiteko asaldura eragiten duelako, baina, bideoak aurrera egin ahala, ordena gailenduz doa. Haurrek ez dituzte golak kontatzen, ez dago markagailurik. Amaiak kameraz jarraitzen dio baloiaren mugimenduari; berak ere mugimenduan mantentzen du. 2015ean, Artium Museoko Proklama N.º 5 programaren baitan, José Antonio Sánchezek praktika eszeniko garaikideen inguruko hitzaldi bat eskaini zuen. Hitzaldi hartan, Rafael Sánchez Ferlosio aipatu zuen, zeinak God & Gun saiakeran jokoen sailkapen bat proposatzen baitu Johan Huizinagaren pentsamendutik abiatuta, bi dimentsiotan oinarritua: joko agonikoak/anagonikoak —lehiadunak edo lehia gabeak— eta nomikoak/anomikoak —araudunak edo arau gabeak—. Sánchez Ferlosioren arabera, badira joko mota batzuk anagonikoak eta anomikoak direnak. Halakoen artean, badira batzuk berak «irristakor» deitzen dienak: araurik eta zentzurik gabeko jolasak, unean uneko gozamena besterik bilatzen ez dutenak, elurrez estalitako maldetan edo antzeko gainazal labainetan asmatu ohi direnak. Haien gainean irristatzean, plazer zinetikoak berak soberan gainditzen du lurzoruaren edo testuinguruaren tasunak baliatzeak eskatzen duen ahalegina, «bere buruaren inguruan biraka mantenduko litzatekeen orain batean edo, hitz batean esanda, oraindik horretan bezala». Futbola, nola Huizinagarentzat hala Sánchez Ferlosiorentzat, joko agoniko baten adibide argia da. Baina, futbolaren arauetako batzuk bertan behera uzten badira —adibidez, golak ez kontatzea—, bideoan harrapatutako baloiaren mugimendua bera da benetan axola duena.
The Neverstarting Story 2006. eta 2009. urteen artean garatutako proiektu bat da, Cuqui Jerez, María Jerez, Cris Blanco eta Amaia Urra artistek elkarlanean landua. Europa erdialdean 1990eko hamarkadatik aurrera sortutako eta Espainiako estatuan 2000ko hamarkadan presentzia handia izan zuen «eszena berria» delakoaren barruko obra askorekin gertatzen den bezala, The Neverstarting Story lanaren ezaugarri nagusia zera da, modu kritiko batez zalantzan jartzen duela eszenaratzea, eta koreografiaren kontzeptua hedatu egiten duela ikerketa-, sorkuntza-, aurkezpen-, produkzio- eta zabalkunde-prozesuetara, bai eta eszenatik ikus-entzuleekin eta haien inplikazio eta hautemate-esperientziarekin ezartzen den harremanera ere. Abiapuntua, The Neverstarting Story lanean, lan partekatuko testuinguru bat sortzea zen, ez zena ideien autoretzan oinarrituta egongo, baizik eta erabilera komuneko lexiko baten sorkuntzan. Lana, estudioan garatua, hainbat modutan aurkeztu zen jendaurrean, egonaldiak egiteko eta obra aurkezteko erabilitako espazio eta jaialdi ugarietan. Elkarlan haren emaitza gisa, lau obra sortu ziren, zeinetan, bakoitzaren autoretzapean, denek hartu baitzuten parte. Gainera, Cinthy Tuloh izeneko film labur bat ere egin zuten lankidetzan.
Amaia Urraren lana, La cosa (or The Thing) deitua, hainbat modutan agertu zen jendaurreko aurkezpenetan. Bogotan, lau monologoz osatutako obra eszeniko gisa aurkeztu zen, zeinetan artista guztiek interpretatzen zituzten jarraibideak sumatzen baitziren, umorea lagun. Amaiak, hasierako aurkezpenean, definizio zehatzagorik aurkitzen edo bilatzen ez diogun hori izendatzeko hitz gisa aurkeztu zuen «la cosa» edo «gauza». Gainera, adierazi zuen asko interesatzen zaizkiola beste zerbait egiten jardun beharko genukeen bitartean gutxi-asko nahi gabe egiten ditugun gauzak. Amaiak ingelesezko «fiddling» terminoa erabiltzen du La cosa prestatzen aritu zen bitartean lantzen aritu zen materiala izendatzeko. Eskuek zereginik ez dutenean egin ohi dituzten mugimenduak deskribatzeko erabiltzen da hitz hori; adibidez, beste gauza batzuk egiten ari garenean egiten ditugun hatz-mugimendu urduriak izendatzeko. Ekintza gutxi-asko automatiko edo nahi gabekoak dira, a priori zentzurik gabekoak, eta askotan bigarren planoan gertatzen direnak. Nola jarduten dute, nola eraldatzen eta antolatzen dira keinu horiek? Horixe da, agian, La cosa performanceko figurazio guztietan ageri dena: zehaztugabea den horretara hurbiltzeko saiakera bat, irekia eta sotila, gauza txikiak besarkatzen dituena, gauza txiki, aldakor eta esanahirik bilatzen ez dutenak.
La Villette parkean, La cosa (or The Thing)beste modu batera aurkeztu zen. Kanal bakarreko hiru bideoz osatutako instalazio bat prestatu zen, zirkulazio handiko agertokietan grabatutako irudiak abiapuntutzat hartuta: aireportuak, biribilguneak eta errepideen ondoko trafiko-seinaleak. Amaiak haiekin guztiekin jokatu zuen muntaketan, irudiak soinuekin nahastuz, bideojoko batean bezala. Rules of Play: Game Design Fundamentals liburuan, Eric Zimmerman eta Katie Salen egileek Huizinagaren «denboraldi baterako mundua» kontzeptua berreskuratzen dute, eta bideojokalariak unibertso birtualetan nola sartzen diren azaltzeko giltzarri bihurtzen dute. Huizinagaren «denboraldi baterako mundua» aterpe bat da, eguneroko bizitzatik aldentzen da bere mikro-unibertsoa eta bere arau perfektuak sortzeko, eta, bukatzen denean, jokalaria bere errealitate ukigabera itzultzen da.
Grabazio berberak, osagai grafikoez gabetuta eta monokanal bakar batean birmuntatuta, Time Wasters bihurtuko dira gerora. Dibertitu eta desbideratu aditzek —divert, ingelesez— latineko erro etimologiko berbera dute: divertere. Aditz hori dis / di aurrizkiaz —aldendu esan nahi du, edo bi aldetarantz bereizi— eta vertere aditzaz—biratu edo buelta eman— osatuta dago. Antzinako gaztelaniak mantendu zuen hitzaren jatorrizko zentzua, desbideratzearena edo bereiztearena, baina, denborarekin, zentzu metaforikoa guztiz gailendu zitzaion hitzaren jatorrizko esanahiari: «gogoa edo arreta lanetik, errutinatik eta kezketatik desbideratu». Gaur egun, gaztelaniaz, «gozatu», «atsegin hartu» edo «poza eragin» esan nahi du soilik divertir aditzak. Ingelesera XVI. mendean iritsi zen, frantsesetik. Gaztelaniaz bezala, hasieran jatorrizko zentzua mantendu zuen, baina, denborarekin, aditzak zentzu horri eutsi bazion ere, diversion substantiboa bitan banatu zen, eta, gaur egun, termino polisemikoa da: batetik, noranzkoaren aldaketa edo bereizketa esan nahi du, eta, bestetik, gozamena edo denbora-pasa. Bitxiki, sasiadiskide partzial ere bilakatu da; esan dezakegu garai batean adiskideak izan zirela eta halako batean bide desberdinak hartu zituztela, eta Amaiaren obra honetan berriro elkartu direla.
Time Wasters lanak Marc Augék definitutako ez-lekuekin jokatzen du: iragaitzazko lekuak, anonimoak, kartel, testu eta seinaletikaren bidezko elkarrekintzaz garatuak. Urte haietan, Amaia asko mugitu zen munduan zehar, nagusiki Xavier Le Roy eta Jérôme Bel artistekin, eta ordu asko igaro zituen aireportuetan eta inguruetan zain. Handycam bat erabilita, leku haiek bideoan grabatu zituen, irudia bere berariazko testuingurutik urrunduz, lekualdatuz eta bereiziz, kameraren mugimenduen edo edizioaren erabilera ludiko baten bidez.
La Cosa lanean, Amaia Urrak bideoa, ahotsa, musika eta askotariko objektuak konbinatzen ditu solo eszeniko bat eratzeko. 2008ko beste La cosa (or The Thing) hartan esaten zuen bezala, «cosa» hitza hustasun semantiko bat da, hizkuntzaren abstrakzio bat, esanahia edukitzeko hiztun bat behar duena, hitza errealitate jakin bati aplikatuko diona. Hitz horren baliokide matematikoa zenbakiak lirateke. Amaiak objektuak, hitzak, hizkiak eta soinuak aipatzen ditu, eta elkarren artean erlazionatzen dituen hainbat ekintza kateatzen dizkie. La Cosa zehaztugabetasunaren beraren inguruan ardazten da; desbideratze-ariketa bat da, ihes-ariketa bat, Peter Fischli eta David Weiss zuzendarien The Way Things Go (1987) filma gogorarazten duena. Bietan, funtsezkoena mugimendua mantentzea da, eta, mugimenduaren batera, helbururik gabeko bitarte baten indarra. Nondik hasi? A hizkitik, hurrenkera alfabetikoan. Eta zer da A? Hiztegiak dioena; izan ere, hiztegiko definizioak beste hitz batzuekin erlazionatzen du. Hiztegia sormen-baliabide garrantzitsua da. Baita bideoa ere, beste espazio batzuekin konektatzeko aukera ematen duen bitartekoa baita. Irudietan, bai eta Amaiak bere buruari bidali omen dizkion eta bideoan zuzenean irakurtzen dituen postaletan ere, hemen —eta, ondorioz, han— eszena izan daiteke batetik, eta Artelekuko estudioa bestetik.