Amaia Urrak gonbidapen bat jaso zuen Plastique, Danse, Flore jaialdian parte hartzeko. Jaialdi hura Le Potager du Roi delakoan antolatu zen, Versaillesen, Jean-Baptiste de la Quintiniek Luis XVI.aren enkarguz XVII. mendean sortu zuen baratzean. Erregearen baratze horrek lorategi esperimental baten moduan funtzionatzen zuen, erregearen sukaldea hornituko zuten fruituak eta barazkiak sasoitik kanpo eskuratzeko moduak probatzeko. Jaialdiaren zuzendaria, Frédérique Séguette, Amaiaren kidea izan zen Jérôme Bel artistaren The Show Must Go On obra eszenikoaren biretan, eta paisaiaren eta ingurunearen nozioa auzitan jartzen duten praktika bisual eta koreografikoen hedapenera bideratu zuen jaialdia. Amaiak Deriva de sinónimos saileko performance bat aurkeztu zuen, orduan Tronco Ramas Deltas izendatu zuena eta ondorengo aurkezpenetan Je Marche —frantsesez— edo Camino —gaztelaniaz— izena hartu zuena.
Tronco, Ramas, Delta «caminar» aditzaren sinonimoen deriba bat da, indikatiboko orainaldiko singularreko lehenengo pertsonan kantatua. Performancean zehar, Amaia, ikus-entzuleak atzetik dituela, pauso arinez ibiltzen da lorategietan zehar, Una vuelta-ta performancean jada erabilia zuen megafonia-sistema eramangarriarekin.
Enbor-adar-delta hirukoa ez dagokio botanikaren alorrari, hizkuntzalaritza historikoaren eta dialektologiaren alorrari baizik, eta batzuetan taxonomiara edo informazioaren teoriara hedatzen da. Erreferentzia botanikoa, testuinguru hauetan, metafora ebolutibo eta estruktural gisa erabiltzen da fenomeno batek sorreratik zabalkunderaino izan duen dibertsifikazioa sailkatzeko. Izenburua, beraz, ez dagokio Erregearen baratzeko ezein zuhaitz edo landareri, Derivas de sinónimos sailaren partitura osatzen duen zuhaitz-formako egiturari baizik.
Ikusi: Lehenengo lanak, Desaparezco (2012-), Renuncio (2012-), Inauguro (2014-), Tarareo (2014), Troncos Ramas Delta (2015), Ramificarse (2015), Comienzo (2025-)