Eremuak programak Artium Museoan antolatutako First Thought Best erakusketaren inaugurazioan, Amaia Urrak Deriva de sinónimos sailaren barruko beste performance bat eskaini zuen. Gaztelaniazko «inaugurar» aditza indikatiboko orainaldiko lehenengo pertsonan jokatuz hasten da: «inauguro». Publikotik hitz egiten du, poliki paseatuz aurrera egin ahala, atzera itzuliz kateamendu berriak entseatzeko. Halako batean, indikatiboko orainaldiko pluraleko lehenengo pertsonara igarotzen da, modu bihurkarian: «miro, me miras, nos miramos, nos miramos, nos vemos, nos vemos, nos divisamos, nos oteamos, oteamos, atisbamos, nos excrutamos, nos excrutamos, nos juzgamos, nos analizamos…». Zati horretan, isiltasunak luzatu egiten dira, eta «nos» horiek emanaldia ikusten ari direnei zuzentzen zaizkie; asko artistak dira, erakusketan parte hartzen ari direnak edo ez, eta horrek tentsioa sorrarazten du giroan. 

Eguneroko ingurunearen pertzepzioari arrozte-metodoak aplikatzean datzan prozedura honek deriba situazionistak gogorarazten dizkigu; zehazki, Guy Deborden psikogeografiak. Bitxiki, sail honek ez du hiria hartzen pertzepzio-objektutzat —Cantar las calles sailak bezala—, hiztegitik eskuratutako sinonimoen mapetan zehar egindako ibilbideak baizik, hiztegia baita hizkuntza bat osatzen duten hitzen gordailu ordenatu eta erlazionala. Ondorioz, Derivas de sinónimos deituriko deriba hauek, zentzu situazionista batean ulertuta, hizkuntzaren beraren erabilerarekin erlazionatutako tentsio eta afektuak azaleratuko lituzkete.

 

Ikusi: Lehenengo lanak, Desaparezco (2012-), Renuncio (2012-), Camino/Je Marche (2014-), Tarareo (2014), Troncos Ramas Delta (2015), Ramificarse (2015), Comienzo (2025-)

2014
→ First Thought Best. Artium Museoa – Museo Vasco de Arte contemporáneo, Vitoria-Gasteiz.

First Thought Best eremuak ekoitzitako erakusketa kolektiboa izan zen, eta «2014ko erakusketa» deialdi irekian hautatutako egileek parte hartu zuten. Erakusketaren inaugurazioan Amaia Urrak Inauguro performancea aurkeztu zuen. Bertan, «inauguro» (inauguratzen dut) hitzetik abiatuta sinonimo-kate bat abestu zuen. Inauguro Deriva de sinónimos seriearen parte da. 10′ inguru. Gainera, Berio pasealekua pieza sonoroa erakutsi zuen, Cantar las calles seriearen parte dena. Proposamena bat-bateko irakurketan oinarritu zen,kale batek irakurtzeko eskaintzen duen guztitik abiatuta: seinaleak, kartelak, idazkunak, publizitatea, errotuluak, pintadak, matrikulak, ibilgailuen markak, iragarki-taulak, etab.. Kasu honetan, irakurketa Donostiako Berio pasealekuan egin zen. 5′ 52″. Ekainaren 27tik irailaren 21era.

Inauguro performancearen bideo-erregistroa: Almudena Díez.

+ info

2014
First Thought Best. (2014). San Sebastián: Eremuak.

First Thought Best erakusketa kolektiboaren argitalpena. Erakusketa eremuakek antolatu zuen Vitoria-Gasteizko Artium Museoan, 2014ko ekainaren 27tik irailaren 21era bitartean. Amaia Urraren lan grafiko bat eta bere praktikari buruzko testu bat dakar, euskaraz eta gaztelaniaz, erakusketan izan zuen parte-hartzearekin erlazionatuta.

+ info

2016
→ Inauguro. Museo Lasar Segall, São Paulo.

Inauguro performancearen deriba portugesez, Lasar Segall Museoan egindako hezkuntza-saio baten barruan gauzatua.

+ info