Chêne Charme Platane. Behin-behineko izenburu horrekin, Amaiak sail berri bat inauguratu zuen, denborarekin Growing Images & Talking Weeds izendatuko zuena. 2015ean sortu zen, Amaiak Jean-Jacques-Rousseau parkeko botanikariekin lan egiteko aukera izan zuenean. Estilo ingeleseko parke bat da, Frantziako Oise departamenduan kokatua, non filosofo frantsesak bere bizitzako azken asteak igaro baitzituen. Lorategi ingeles hori, lorategi paisajistikoa ere deitua, natura basati eta idealizatua imitatzen duen lorategi erromantiko bat da, arimaren isla izan nahi duena. Lorategi erromantikoaren ideiaren barruan, paseoak erdiguneko tokia betetzen du autoezagutzarako, eta esperientzia estetikoa antolatzeko abiapuntutzat balio duen bitarteko gisa ulertzen da. Una vuelta-ta eta beste zenbait lanetan, Amaiak ere arakatzen du paseoa, pertzepzioaren, kognizioaren eta hizkuntzaren arteko harremanaren arintasuna aztertzeko. Gonbidapenari erantzuteko, Amaiak paseatzeko eta ikusten duena izendatzeko teknikara jotzen du beste behin, lehenago Cantar las calles eta Una vuelta-ta sailetan egin bezala. Aurreko performance horietan ez bezala, Chêne Charme Platane honetan, ikusten eta deskribatzen duen begia begi entrenatu bat da. Performancea gauzatzeko, botanikan aditua den pertsona batek landareak izendatzen ditu, eta Amaiaren interesa lekualdatu egiten da objektutik —landaretik— haren nomenklatura teknikora.
Katalogo botanikoak hazi egiten dira espezie berriak deskubritu, katalogatu, sailkatu eta izendatu ahala. Landareen izen zientifikoak Carl von Linné naturalista suediarrak XVIII. mendean asmatutako eta Species Plantarum (1753) lanean formalizatutako nomenklatura-sistemaren bidez esleitzen dira. Sistema binomial horretan, landare-espezie bakoitzak latinezko izen zientifiko bakar bat du, letra etzanez idatzitako bi zatiz osatua. Lehenengoa generoari dagokio, eta lehen hizkia maiuskulaz idazten da. Bigarren zatiari epiteto deritzo, eta hor zabaldu egiten dira aukerak. Landarea deskubritzen edo formalki deskribatzen duen botanikariak aukeratzen du epiteto espezifikoa. Inspirazio-iturri gisa, normalean, landarearen ezaugarri fisikoak edo jatorri geografikoa erabiltzen ditu, edo haren erabilera edo ezaugarriak, edo are eponimoak; hau da, norbaiten omenezko izenak. Katalogoa arretaz aztertuz gero, ez da arraroa, esaterako, omenaldi horien artean pertsona maitatuak egotea, modu gutxi-asko ezkutatuan. Carl von Linnék berak ba omen zuen halako ohitura bihurri bat: landare eder edo baliagarriei bere lagunen izena ematen zien, eta belar txarrei edo landare arantzatsuei bere etsaien izena jartzen zien.
Amaia botanikako eskuliburuez baliatu ohi da bere lanerako. Hiztegiarekin egiten duen bezala, eskuliburuak ere lan-tresna moduan erabiltzen ditu hurrenez hurreneko hainbat obratan. Haietatik ateratzen dituen hitzekin ordenatze-ariketak egiten ditu, botanikarekin zerikusirik ez duten irizpideen arabera, logika subjektiboak erabiliz eta haiekin jolastuz, haien ezaugarririk adierazkorrenak azaleratzeko.
Ikusi: Lehenengo lanak, Una vuelta-ta (2013-), Arbusto Ardiente (2015-), Maleza ardiente (2017), Maleza ardiente (2018) – malas hierbas peninsulares, Arbusto ardiente (2019) – versión instalación, Sasia Sugarretan (2021-), Burning Bush (2021-), Buisson ardent (2024-)