Lan hau Deriva de sinónimos sailaren baitako Inauguro performancearen bertsio bat da. Amaiak ESABP École supérieure d’art Pays Basque eskolan emandako tailer baten testuinguruan jaio zen. Bere lana deskribatu beharrean, Amaiak egitea erabaki zuen. Irakasleek ohartarazi zioten ikasleak berandu iritsi ohi zirela klasera, eta oso pixkanaka. Erreakzio moduan, eta Amaiak tailerrarentzat beharrezkotzat jotzen zuelako ikasle guztiak performancera etortzea, Inauguro lanaren bertsio frantses bat prestatu zuen. «Je commence» aditzarekin hasi, eta arau bat erantsi zuen: klasera ikasle bat iristen den bakoitzean, tailerra eten egingo da, eta Amaia berriro hasiko da «je commence» aditzarekin. Hain zuzen ere, hainbat aldiz gertatu zen hori goizean zehar.

Performancea gaztelaniaz aurkeztu zen gero Holding breath: a dying poem erakusketan, Santanderren. Erakusketa Alex Alonso Díazek komisariatu zuen, fluent espazioan, 2016an sortu zenetik zuzendu duen arte-gunean. Komisarioaren testua honela hasten zen: «Holding breath: a dying poem urtebeteko iraupena duen erakusketa bat da, erakusten duena nola transmisioak, afekzioak eta aldaketak gugan durundi egiten jarraitzen duten, baita objektu eta gorputzek presente egoteari uzten diotenean ere». Erakusketa bost ekitalditan banatu zen, eta obertura bat eta epilogo bat ere bazituen. Amaiak bigarren ekitaldian hartu zuen parte.

Bertsio honetan, performancea hasieratik hasten da berriro baldin eta emanaldian zehar beste pertsona bat sartzen bada performancearen espazioan, baina behin «me interrumpo» aditzetik pasatutakoan egiten du hori Amaiak; izan ere, sinonimo hori nahiko gertu dago deribaren amaieratik, zeina «termino» aditzarekin bukatzen baita. Aurreko sinonimo-deribetan ez bezala, oraingoan Amaiak ez du irakurtzen, buruz errezitatzen baizik. Bartzelonako Hangar zentroan eskainitako tailer batean jasotako feedbackarengatik hartu zuen erabaki hori. Zentro hartan, Amaiak Resonancias programan hartu zuen parte, eta hango artista egoiliarrekin partekatu zuen bere idazketa-prozesua.

Holding breath: a dying poem erakusketan, performancearen bertsio grafikoa ere lehenengo aldiz jarri zen ikusgai aretoan, poster formatuan, ondoan zituelarik beste objektu eta testu batzuk, haiek ere beste artista batzuen esku-hartzeen arrastoak; hala, haien denborak elkarri gainjarrita geratzen ziren. 

 

Ikusi: Lehenengo lanak, Desaparezco (2012-), Renuncio (2012-), Inauguro (2014-), Je marche / Camino (2014-), Tarareo (2014), Ramificarse (2015), Troncos Ramas Delta (2015)

2025
→ Holding breath: a dying poem (Segundo acto). fluent, Santander.

Holding breath: a dying poem proiektuaren bigarren ekintzari zegokion erakusketa kolektiboa. Amaia Urrak Comienzo performancea aurkeztu eta erakutsi zuen. Maiatzak 31.

Argazkiak: Amaia Urra (1), fluent (2-3).

+ info