2012an, Emisión 0 izeneko irratsaioa sortu zen, Blanca Calvo eta Ion Munduateren programa bat, Mugatxoan ekimenaren Cuando el cuerpo desaparece proiektuaren barruan. Emisión 0 irratsaioak performancearen soinu bidezko desmaterializatzea arakatzen zuen, irrati libre batean eta Donostiako San Telmo Museoko Laborategia espazioan aldi berean gertatzen ziren peformance, hitzaldi, elkarrizketa eta hitz-hartzez osatutako programa baten bidez. Amaia Urrak, Mugatxoan ekimenaren inguruan antolatutako komunitate artistikoko kide zenez, «kanpoko berriemaile» gisa hartu zuen parte, museoaren esparrutik kanpo egonez eta ahotsaren bidez jarduteak eskaintzen zituen aukerak arakatuz.
Emisión 0 irratsaioaren ondoren etorri zen Emisión 1. Una voz sin cuerpo, hacia el amor. Irratsaioa ez ezik, argitalpena ere izan zen: Cuaderno 1. Una voz sin cuerpo, hacia el amor, Mugatxoan ekimenak argitaratutako bilduma baten lehenengoa. Amaiak «Frondoso Matorral» izeneko testu batekin hartu zuen parte Cuaderno 1 argitalpenean: funtsezko testu horretan, bere praktikaz hausnartzen du, bi irratsaio horietan eta Madrilgo In-presentable jaialdian izan zuen parte-hartzearen harira. Multzo honetako obrek —Calle Aldamar, Pantalón Vaquero, Muleta Gris, Desaparezco eta Renuncio— Amaiaren ondorengo ekoizpenaren oinarriak ezarri zituzten. Denak aurkeztu ziren 2012an: une hura giltzarria izan zen Amaiarentzat, handik aurrera alde batera utzi baitzuen eszena, bere buruari inposatu zion eta honela deskribatzen duen geldialdi baten ondotik: «Irteteko premia/desira. Ezaguna den horretatik irtetekoa, lan-estudiotik, aurkezpen-espazioen burbuila uniformetik (izan kubo zuriak, beltzak nahiz berdexkak), engranaje batetik aldentzekoa, sistema batetik eta egiteko modu batetik».
Calle Aldamar izena ustez obra hau emititu zen lekuari dagokio. Berez, irratian zuzeneko faltsu gisa ezagutzen den zerbait izan zen; hau da, grabatuta zegoen aldez aurretik. Hainbat kaletan egindako proben arteko lehenengoa izan zen, eta onena gertatu zen. Saio harekin, Amaiak Cantar las calles saila hasi zuen; kasu honetan, kaleak irakurtzeko eskaintzen duena irakurtzen du —iragarkiak, kartelak, seinaletika eta abar—, eta hala beren euskarrietatik askatutako testuak estekatzen ditu. Kantatuz irakurtzen du, askotariko doinuak erabiliz, kalean barrena doan bitartean. Kantatzeaz, honako hau dio Amaiak: «kantatzea estrategia bat da afektiboa den hori ezagutzera eman dadin, baina ez modu borondatezko, gogotsu edo nahitako batez, kontrolari ihes egiten dion horren parte izan dadin. Hasierako idazketa zeharkatzen eta aldatzen duen zerbait». Osotasunean, obra honek Aldamar kalearen erretratu bat marrazten du, ikus-entzuleak osatu behar duen erretratu bat Amaiak ikusten duen informazio zatikatu eta difraktatutik abiatuta. Performanceak, Amaiaren hitzetan, «begiradaren inertziak desmuntatzea» du helburu.
Ikusi: Lehenengo lanak, Berio Pasalekua (2014), Pantalón vaquero (2012), Muleta gris (2012), Una vuelta-ta (2013-)