2017an, Amaiak berriro erabili zuen Hizketaldi Handian Bla obrarekin baliatutako estrategia. Kasu honetan, Bulegoa z/b guneak Marcel Broodthaers artistaren obra aztertzeko antolatutako lan-taldearentzako ekarpena gauzatzeko balio izan zion. Amaiak Bla. Coup de dés hazard jamais le n’abolira un izena jarri zion bere ekarpenari, eta hiru testu erabiliz osatu zuen: Irmeline Lebeer kritikariak eta Broodthaersek haren Catalogue-Catalogus erakusketaren inguruan izandako elkarrizketaren zati bat, Filiep Tacq diseinatzaileak lan-taldearentzat idatzitako hitzaurrea eta Broodthaersek bere beste erakusketa baten (MTL) katalogoan argitaratutako autoelkarrizketaren zati bat. Teknika, kasu honetan, testu horietan biltzen diren hitzetatik abiatuz zerrendak osatzean eta alfabetikoki ordenatzean datza. Hitz motzak bigarren atal batean bilduta doaz. Puntuazio-markek hirugarren talde bat osatzen dute, zeinean marken arteko isiluneak hitz absenteen iraupena errespetatu behar baitu. Amaiak jendaurrean irakurtzen ditu denak. Bla obraren lehenagoko aurkezpenetan ez bezala, Bulegoa z/b gunean, Amaiak publikoarekin partekatzen ditu horman proiektatzen dituen zerrendak, partitura gisa eraiki dituenak ozen eta zuzenean irakurriak eta interpretatuak izateko. Irakurraldiaren ondorengo hitzaldian, Amaiak aipatzen du Broodthaersi egindako elkarrizketan Lebeerrek galdetzen diola ea objektuek, berarentzat, hitzek bezala funtzionatzen duten, eta gaineratzen du berak nahiago duela objektuak hitz moduan ulertu eta askotariko eragiketak egiteko erabili; esaterako, sailkatzeko eta ordenatzeko.
Ikusi: Lehenengo lanak, Bla (2015-)