2015ean, Amaia Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentrora gonbidatu zuten bere praktika artistikoaz hitz egitera, Bisitariak programaren barruan. Hitzaldiari forma emateko, Amaiak gidoi bat idatzi zuen, non bere praktika osatzen zuten jarduerak zerrendatzen baitzituen, eta aditzak infinitiboan jokatuz irakurri zuen. Hitzaldian zehar, beste autore batzuen aipuak ere tartekatu zituen, besteak beste Emmanuel Hocquard edo David Antin poeta esperimentalenak —bigarrena hitzaldietan oinarritutako «talk poems» delakoengatik da batez ere ezaguna—-. Aipu haiek Amaiak ezarritako arauaren salbuespena ziren, hiato gisa funtzionatzen baitzuten gainerakoan hain zurruna zen metodo hartan. Bere azken ondorioetaraino hain zorrozki mantendutako arau haren emaitza infinitibo-parrasta bat izan zen, noizbehinka autore horien aipuren bat edo beste irakurtzeko soilik eteten zena.
Urte hartan bertan baina geroago, Hizketaldi Handia jardunaldi-zikloa egin zen Tabakaleran, behin betiko egoitza inauguratu ondoren. Ziklo hartan, hainbat topaketa antolatu ziren lan-mahai publiko batzuen inguruan, zeinek atarikotzat balio baitzuten Oier Etxeberriak Tabakaleran zuzentzen zituen bi urtez behingo komisariotza- eta ikerketa-zikloentzat. Mahai bakoitzean, jakintza-adar desberdinetako gonbidatuak zeuden, eta, hamar bat minutuan, formatu libreko hausnarketa bat partekatzen zuten gai baten inguruan. 2016-2017 biurtekoko proiektua Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia izan zen, eta Hizketaldi Handia lau lan-mahairen inguruan antolatu zen: mahai bakoitzak bizigarri bat zuen gaitzat (kafea, azukrea, opioa…), eta truke kolonialetik datozen bizigarri horiek modernitatearen eraketan izandako garrantzia arakatzea zuen xede. Amaia tabakoari eskainitako mahaian parte hartzera gonbidatu zuten, zeina bost pertsonak osatzen baitzuten. Gonbidapen hari eman zion erantzuna Bla izan zen, izen bereko sail baten barruko obra, zeinean Amaiak jendaurrean hitz egiteko jasotzen dituen gonbidapenei iskin eta aldi berean aurre egiteko metodo bat garatzen baitu.
Bla lana estrategia bat da, aukera ematen duena gonbidapenaren gai nagusia lantzeko eta, aldi berean, saihesteko —Hizketaldi Handiaren kasuan, tabakoa—, lehenagotik existitzen den eta gaia jorratzen duen testu batetik edo batzuetatik abiatuta. Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia proiekturako erabili zituen testuen artean, Oier Etxeberriak lan-mahai haren gaiari eta mekanikari buruz idatzitako hitzaurre modukoa eta Vilém Flusser filosofoaren El gesto de hablar saiakera zeuden. Bi testu horiek aukera ematen zioten proposatutako gaiaz hitz egiteko eta, aldi berean, jendaurrean hitz egiteak eta mahai batean parte hartzeak eragiten zion beldurrari aurre egiteko, hainbeste gonbidatu elkartzen zituen eta bakoitzari hain denbora gutxi uzten zion ekitaldi hartan. Amaiak alfabetikoki ordenatu zituen jardunaldia kokatzeko eman zizkioten erreferentzia-testuetan aurkitu zituen hitzak. Teknika hura aplikatuta, testuak ulertezinak ziren, eta, aldi berean, adierazkorrak. Hitz egiteaz hitz egiten zuen, baina esan gabe.
2018an, Amaia Radio Consonni izeneko egitasmora gonbidatu zuten. Egitasmoaren barruan, hainbat irratsaio eskaintzen ziren, zuzeneko entzuleen aurrean, Bilboko Azkuna Zentroan, non Consonni kolektibo egoiliar izan baitzen bi urtez. Irratsaioek askotariko kontuak jorratzen zituzten, adar profesional desberdinetako gonbidatuekin, eta podcast moduan jarraitu zuten, zeinak Azkuna Zentroaren eta Consonniren webguneetan entzun baitzitezkeen. Amaiak parte hartu zuen programa Miguel Álvarez-Fernándezek zuzendu zuen, Espainiako Irrati Nazionaleko Ars Sonora irratsaioaren aurkezleak, eta «Arte y radio» zuen izena. Gonbidatuak agertoki baten gainean kokatutako mahai baten inguruan eseri ziren, jendaurrean. Amaiak Bla obra aurkeztu zuen berriro, baina jaso zuen gonbidapen-testua erantsi zion, zeinean Hizketaldi Handia aipatzen baitzen.
Ikusi: Bla. Coup de dés hazard jamais le n’abolira un (2017)